“Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bideak” egitera deitu du Sarek

0
1311

Sarek beste behin defendatu du elkarbizitza eraikitzea “gertu eta urrun sentitzen ditugunekin”. Baita bakegintzan aritzera ere “alde guztietako sufrimenduak desagerrarazteko”. Era berean, “bada kartzelak husteko garaia”. Bide honetan, “urtarrilaren 8an Arrasateko manifestazioan parte hartu, iaz bezala”.

Abenduan ere hilabeteko Azken Ostirala egin da gaur Arrasaten, manifestazio bidez, Sarek antolatuta.

Polemikak polemika, ekitaldia normaltasunez eraman da aurrera, eta ibilbidean zehar euskal preso politikoen etxeratzearen aldeko aldarrikapenak izan dira, besteak beste.

Mobilizazioan ere Ekiñe Casado Uriarte eta Arkaitz Biain Pie de Hierro musikari arrasatearrek parte hartu dute, doinu artean.

Sarek hitzartzean gogora ekarri du urtarrilean Bilboko ohiko manifestazioaren ordez ekitaldiak Euskal Herriko herrietan egingo direla, tartean Arrasaten.

Ekitaldi horretan “Kaleak bete egingo ditugu milaka herritarrek, ordezkari politikoek, sindikalek eta gizarte-eragileek”.

Aldarrikapenak “giza eskubideen alde, elkarbizitzaren alde eta preso, iheslari eta deportatuen aferari konponbidea berandu baino lehen jartzearen” aldekoak izango dira.

Sare herritarra elkarbizitzaren bidean ari da “inor atzean utzi gabe, elkarrekin, berdinen eta ezberdinen artean; gertu eta urrun sentitzen ditugunekin”.

Bakearen bidean ere “aurrera egin nahi dugu, urteetan luzatzen ari diren sufrimendu guztiak, alde guztietakoak, desagerrarazi nahi ditugu”. Izan ere, “gure ondorengoen etorkizuna bestelakoa izatea nahi dugulako”.

Sarek azpimarratu du “badela garaia salbuespenezko espetxe politikarekin betiko amaitzeko”, besteak beste, “bizi osorako zigorrak eteteko, familia eskubidea errespetatzeko eta larriki gaixo direnak etxean sendatzeko”.

Bide honetan ekitaldia egingo da urtarrilaren 8an Arrasaten, arratsaldeko 17:00etan Seber Altubetik abiatuta, “iaz egin genuen bezala”.

Arrasateko Sarek eskertu egin die “Arrasateko Sarek antolatutako ekimenetan parte hartu duzuen herritar eta eragile guzti-guztiei. Banan-banan eskerrik asko”.

Sare herritarrak gogoan izan ditu ere “Unai, Arbe, Peixoto eta haien senideen samina. Hauen etxerako bidea indartu beharko dugu, elkarbizitza nahi badugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen