“Sare herritarrak arrasatearrengandik harrera beroa jaso duela esan genezake”

0
1155

Argazkia: Kabiketa.

Saretik adierazi dutenez, 200 pertsonak emana dute izena “boluntario lanetan aritzeko prest, eta, ondoren, izandako eskari eta eskerrak emateko deiekin, harrera oso beroa izan duela esan genezake”.

– Zenbat boluntario dabiltza lan horietan?

– 200 boluntario inguru daude saretuta haurren zaintza eta adinekoei erosketak egiten laguntzeko. Horietatik batzuk erosketetara bideratuta daude, eta, beste batzuk haurren zaintzara. Laguntza psikologikoan aldiz 10etik gora profesional daude herritarren kezkak entzuteko prest.

– Sareak zein zerbitzu ematea du helburu?

– Haurren zaintza (haurrak zaindu edo/eta etxerako lanekin lagundu), erosketak egitea (adinekoei, berrogeialdia burutu behar dutenei, ezintasun bategatik etxetik irten ezin direnei…) eta laguntza psikologikoa.

Laguntza hau arrasatear ororentzat dago zabalik. Konfinamenduak etxean ordu luzez egotea dakar eta horrek hainbat arazo sortu ditzake gugan. Psikologo bolondresak ekimenera batzen ari dira egunetik-egunera eta hamarretik gora gaude. Arlo ezberdinetan adituak garen psikologoek osatzen dugu sarea eta laguntza-eskaera ezberdinak erantzuteko prest gaude. Orain arte, konfinamenduak eragindako ondoeza psikologikoarekin lotutako eskaerak jaso ditugu eta sostengua eskaini zaie. Eskaerak bailarako herri ezberdinetatik jaso ditugu eta kasu batzuetan eskaera egin dutenak familiakoak izan dira.

– Sarea martxan dago?

– Dei batzuk jaso ditugu jada eta sarea aktibo dago. Hortaz gain, eskerrak emateko, zerbitzuaren nondik norakoak jakiteko eta gure lana zoriontzeko ere deitu izan digute arrasatearrek eta hori poztekoa da.

– Komertzio txikiarekin ere harremanetan izan zarete?

– Sare herritarra izanik, herriko komertzio txikiekin ere harremanetan jarri gara eta gure zerbitzuen berri eman diegu. Horrela, guk euren berri izateko aukera izan dugu (ordutegiak, zer saltzen duten…) eta haiek gure berri. Honek ere oso harrera ona izan du. Gako garrantzitsua baita momentu hauetan herriko komertzio txikiei gure babes eta bultzada ematea. Eta horretarako, ezinbestekoa da bertan kontsumitzeko hautua egitea. 

– Zer-nolako harrera izan duzue herritarren aldetik?

– Herritarrek, oro har, harrera beroa izan dute zaintza sarearekiko. Izan ere, hasieratik herrikide asko batu ziren boluntario lanetan aritzeko prest, eta, ondoren, izandako eskari eta eskerrak emateko deiekin, harrera oso beroa izan duela esan genezake. Pozik gaude, beraz. Eta, lerro hauek aprobetxatu nahi genituzte boluntario guztiei eskerrak emateko!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen