Sare: “Baldintzapeko askatasunean behar luke Unai Parotek, 2018tik”

0
385

Haizea Ziluagak (abokatu) eta Joseba Azkarragak (ordezkari) euskal preso politikoen egoera azaldu dute, Sarek antolatuta. Oraindik 170 gatibuk ziegetan jarraitzen dute. Nazio mailako Bilboko manifestazioa urtarrilaren 13an izango da.

Hitzaldi irekia herenegun arratsaldean egin zen Kulturateko areto nagusian, Enrike Letonak dinamizaturik.

Azken urteetako testuinguru politikoa egin zuten, eta gogorarazi zuten oraindik 170 preso politiko inguru direla ziegetan.

Joseba Azkarragak baloratu zuen “azken hiruzpalau urteetan asko aurreratu dela, baina oraindik bide luze bat egin behar dugula”.

Haizea Ziluaga abokatuak azpimarratu zuen, hamarkadetako espetxe-erregimena gogoan, preso denak Euskal Herriko espetxeetan izatearen “alde garrantzitsu bat: bigarren graduan daude”.

Unai Paroti zehazki dagokionez, “bere egoera juridikoa konplikatua izan da eta konplikatua izango da”.

1990ean atxilotu zuten eta “zenbait ekintzengatik epaitu eta zigortu zuten. Bere abokatuek Audientzia Nazionalari eskatu zioten sententzia guztiak akumulatzea, orduko gehienezko 30 urteko espetxe-zigorrean akumulatzea”.

“Audientzia Nazionalak, ordea, Unairen ekintzen artean denbora tarte bat egon zenez, 30 urteko bi kondena ezarri zizkion”.

“Abokatuek Espainiako Auzitegi Gorenera errekurritu zuten, eta Gorenak arrazoia eman zien, baina kondena murrizteko erredentzioak ezer ezean utzi zizkion”.

Hori aprobetxatuz, espainiar estatuak 2006an doktrina bat egin zuen, ‘Parot’ doktrina bataiatuz, eta “errendentzioak euskal preso politiko guztiei kendu zizkien”.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak “azkenik ebatzi zuen doktrina horrek oinarrizko giza eskubideak urratzen zituela. Epai irmoa 2013an iritsi zen, eta 2006tik 2013ra euskal preso politikoek ez zuten erredentziorik izan”.

Horren harira, “LĂłpez Aguilar justizia ministroak 2006an esan zuen ‘vamos a construir nuevos delitos, para que no salgan de las cárceles'”.

Ondorioz, “Unai berriro epaitu zuten, ETAn berriro sartzeagatik, eta 11 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Denera 41 urteko kondena”. Unai Parotek 33 urte eta 7 hilabete daramatza kartzelan “baldintza oso gogorretan”.

“Aspalditik eskubidea du baimenekin espetxetik irteteko, eta 2018tik eskubidea du baldintzapeko askatasunean izateko, eta kondena bere osotasunean 2028ko abuztuan beteko du”.

“Gure helburua orain da Unai baldintzapeko askatasunean irtetea, eta horretarako aurrez 3. gradua behar du”.

Ildo horretan “Unaik eskatu ditu irteera programatuetan parte hartzea, baina Arabako espetxeak ez dio onartu, nahiz eta kartzelak horretarako argudio juridikorik ez duen”.

“Esan behar da ere Unai Arabako espetxean askoz hobeto dagoela, berak dioen bezala, leihotik Udalaitz ikusten du, hedabideak euskaraz entzun ditzake, tailerretan parte har dezake, bisiten zerrendetan ez du hainbeste murrizketarik,… Dena den, bada bera etxeratzeko garaia”.

Preso, deportatu eta errefuxiatu politiko denak etxeratzeko deia berretsi zuen Sarek Arrasaten, eta nazio mailako manifestaziora deitzen du:

Datorren urtarrilaren 13an ‘Konponbiderako giltzak’ mobilizazioa egingo da Bilboko kaleetan.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen