Sare 31 eragilerekin: “Arrasate konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde dago!”

0
1073

Beheko testua eta argazkia: Arrasateko Sare.

Gaur arratsaldean Arrasateko 31 eragiletako 140 kiderekin batera bilera informatiboa burutu dugu. Martxa bertan behera uztearen arrazoien inguruko azalpenak partekatu eta biharko mobiliazioen berri eman diegu. Hona hemen, herriratu nahiko genukeen mezua:

Uztailaren 18an eman genuen hemen gauden 31 eragileekin batera lehen prentsaurrekoa elkartasun martxaren berri emateko, udaberrian hasitako “Unai etxeratzeko bidea gara” dinamikaren baitan.

Hilabeteak eman ditugu lanean eragile hauekin eta oso garbi daukagu martxa bertan behera gelditu arren, presoen egoera lehen lerroan jartzea lortu dugula gure herrian eta Euskal Herri osoan. Era berean, garbi utzi nahi dugu hau ez dela atzera pausua, ekintza biderkatzailea baizik, elkartasun martxa ehunka kontzentrazio bilakatuko delako.

Elkartasun martxan bertan behera uztea ez da erabaki erraza izan. Estatuko eskuinak biktimak baliatuz eta komunikabide ugari erabiliz kanpaina itzela egin du gure aurka gezurrak erabiliz. Gainera, ozen salatu nahi dugu bertako batzuen laguntza ere izan dutela.

Balantzan bi aukera zeuden; konfrontazioaren estategiaren jokuan erortzea edo gure aldarrikapenaren alde egitea. Guk zabaldu nahi dugun mezua desitxuratuko dela aurreikusiz, martxa bertan behera uztearena nagusitu da. Ez dugu eskaini nahi izan hainbat sektorek bilatu nahi izan duten konfrontazioaren argazkirik. Sare ez da hor kokatuko. Sareren lana beti izango da euskal presoen eskubideen aldeko askotariko indar eta jendartearen aktibazioa.

Lan handia egin dugu, Unairi eta beste euskal presoei aplikatzen dieten salbuespeneko espetxe politika gizarteratzea lortu dugu, presoen eskubieen alde askotariko eragileen babesa lortu ere bai, presoen gaia mahai gainean jarri dugu. Orain herritarron esku dago aldarrikapen hauek ozen zabaltzea.

Bide horretan, martxa bertan behera utzi dugu baina 2 ekimenen berri ematera gatoz:

• Sarek Euskal Herriko hainbat herritan egindako deialdiraren baitan, eguerdiko 12:00etan
agerraldi jendetsua
burutuko dugu Monterronen.

Arratsaldeko 19:00etan Biteritik abiatuta, manifestazioa, hemen gauden eragile guztien
babesarekin.

Mezu eta argazki interesatuen gainetik, presoek dituzten eskubideen aldarrikapena Madrileraino iristea lortu behar dugu. Hori da gure argazkia, batzuek ikusi nahi ez dutena.

Gelmako etorbidea bete genuen bezala, bete ditzagun kaleak.

Erakuts diezaiegun Arrasate konponbidearen, bakearen eta elkarbizitzaren alde dagoela!

Bizi osorako zigorrik ez! Giza eskubideak, elkarbizitza, konponbidea!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen