Testua: Isei Barbero
Behin liga txapelketa amaituta, gogoratu beharra dago Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak hirugarren postuan sailkatu direla, txapelduna zein den jakiteko baliagarria diren play-offak jarriko dira martxan aste honetan bertan. Talde zuri-morearekin batera beste hiru ekipo izango dira nor baino nor: Sarako Izarra, Elorrio eta Errioxa. Eta Iparraldekoen kontra, hain justu ere, neurtuko dituzte indarrak Julen Barrutiaren mutilek. Kanporaketa partidu bikoitzera izango da eta, aurrenekoa, larunbat honetan –apirilak 30- jokatuko da Saran, 16:00etatik aurrera. Mojategiko lehia, aldiz, maiatzaren 6rako deituta dago, eguerdiko 12:00etan.
Ohorezko B mailarako baliagarria den fasea jokatzeari uko egin ostean, Euskal Ligako txapelduna izateagatik borrokatuko du Kanpanzar Arrasatek. Erabaki honen atzean arrazoi ekonomikoak eta azpiegiturakoak daude: “Igoera fase hori, seguruenik, Lugon jokatu beharko genuke. Eta badakigu orain momentuan ez dugula Ohorezko B Mailan jokatzeko mailarik. Hori liga erdi-profesionala da, taldeek fitxaketak egiten dituzte, eta guk ez dugu horretarako aukerarik. Pentsa, gure kontrario La Unica maila horretatik jaitsi berria da. Aurten, erraz ibili dira gure ligan, guri 40 puntuko aldearekin irabazi ziguten, eta iaz, urte osoan bi partidu baino ez zituzten irabazi. Hau errugbia da, eta maila oneko eta fisikoki indartsuagoak diren taldeen kontra jokatzea garesti ordaintzen da; besteak beste, lesioekin“, adierazi zion Goienari ART-ko kirol zuzendari Julen Barrutiak.
Teknikari zuri-moreak azaldutakoaren arabera, “taldekideendako esperientzia polita izaten da, baina klubarendako dirutza da 28 lagun asteburu baterako Galiziara eramatea: bidaia, hotela… Ez du merezi, jakinda, gainera, fasean edozer eginda ere ez garela mailaz igoko… Diru hori hobeto erabili dezakegu klubean; esaterako, errugbi eskolan. Hau da gure lekua, Euskal Liga. Gainera, Euskal Ligako play-off-erako sailkatuta gaude, eta hori lehiatzeak motibatu egiten gaitu“.