Testua eta argazkia: Juan Ramon Garai – Intxorta 1937 kultur elkartea.
Erbesteari buruzko edozein historia urraketaz, banaketaz, ziurgabetasunaz… mintzo da. Sufrimendua eragiten dio bidaia hasten duenari, baita geratzen denari ere. Santiago Orobengoa Cacho, arrasatearra, gerrako haur eta 17 urtez desagertua, horren guztiorren adibide garbia da.
Bere aita, Santiago Orobengoa Gomez (Gallarta, 1-05-1899), eta bere ama, Mari Paz Cacho Gamazo (Morales de Toro, 1-03-1903). Biak ala biak Arrasateko Union Cerrajerara lan egitera etorri ziren, Santiago 1924an 25 urte zituela, eta Mari Paz 1917an 14 urte zituela. Ezkontzean Zarugalde kalera bizitzera joan ziren, eta zenbait seme-alaba izan zituzten; lehenbizikoa, Santiago (1926), isuri bat sufritu zuen jaiotzean eta erabateko paralisia eragin zion. Ondoren, eta 1936ko gerra baino lehen, Felipa, Victor, Gloria eta Milagros (1935) jaio ziren. Azken honi esker, bizirik jarraitzen duen bakarra, historia honen berri dugu.
Kolpe militarra hastean, familia, ideia errepublikanoak zituena, Gallartara joan behar izan zen. Santiago Basurtuko erietxean ospitaleratua izan zen. Italiar-alemaniar abiazioak bonba asko bota zituen, egoera agoantaezina zen, eta ondorioz Santiago Frantziara eta ondoren Belgikara eraman zuten. Han ebakuntza batzuk egin zizkioten baina bere egoerak ez zuen hobera egin. Bere izena zein zen galdetu ziotenean, Santi ez zen kapaz besteek bera ulertzea, eta ondorioz automatikoki Vicente Lopez bezala izendatu zuten.
Bitartean bere aita Santiagok langile-batailoi batean eman zituen zenbait urte. Handik itzultzean, bera eta Mari Paz neska-laguna ez ziren berriro onartuak izan Union Cerrajeran, ezta Mari Pazen ahizpak ere, Claudia eta Manuela. Santiago, Mari Paz eta Claudia ELMAn lan egiten hasi ziren, izan ere, enpresa honetan onartu egin zituzten UCEMetik kaleratutako pertsona ugari.
Gerra amaitzean, Santiago semea, Vicente Lopez bezala, Basurtuko ospitalera itzuli zuten, baina bere familiak ez zekien non zegoen. Horrela, 1945 urtean, soldaduratzara aurkeztu ez zenez, Arrasateko Udalak desertore izendatu zuen.
1954an, bere aitaren lehengusu batek, kamioilaria zena, Bilboko ‘Gaceta del Norte’n artikulu bat irakurri zuen, Basurtun ospitalizatutako mutiko baten inguruan, jatorri ezezagunekoa, eta ustez, bere gurasoek jaso ez zutena gerra bukatzean. Historia horrek Santi gogorarazten dio, eta ospitalean berarekin hitz egitea lortu zuen, ondorengo informazioa lortuz: “Espainiako apostolaren izen berbera du, bere aita harakina zen, eta soilik gogoratzen du bere etxetik erreka bat ikusten zela”. Datu horiek jakinda, kamioilariak ondorioztatu zuen haurra bere lehengusuaren semea zela. Izan ere, Arrasaten egotean, Santi ez zen kalera irteten, eta ikusi ohi zuen Zarugalde ondotik igarotzen zen erreka; gainera, Santiago aita, Sagastatarren harategira joan ohi zen – Monterron parean – txorizoak eta odolkiak egiten laguntzera.
Ordurako Santiago Orobengoak bihotzeko gai bat zuen, eta badaezpada, aurkikuntza lehenbizi Claudiari kontatu zioten, eta honek aholkua eskatu zion On Calixto medikuari. Medikuak gomendatu zien ezer ez esatea, eta beraxe jarri zen harremanetan Basurtuko ospitalearekin. Haraino Claudia eta Manuela joan ziren, eta haurra ikusi zutenean baieztatu zuten bera zela, eta ondokoa ziurtatu zuten: “ez da Vicente Lopez deitzen, Santiago Orobengoa baizik eta gure loba da”.
Horrela, ‘desagerturiko haurra’ Arrasatera itzuli zen. Geroago Donostiako Matia Ospitalean ingresatu zuten, eta bertan hil zen 89 urte zituela.
Historia hau gaur egun arte isilarazitako ugarietatik bat dugu. Berreskuratu egin dugu gerrako neskatila eta mutikoekin harremanetan jartzean, eta Elgetan egitekoa genuen omenaldira begira. Omenaldia urrirako atzeratu behar izan dugu.