Gaur arratsaldean Arrasateko Udaleko arduradunek eta Txatxilipurdi elkarteko kideek Santamainako ludotekako “Gure ortua” proiektua aurkeztu dute. Proiektu hau 2018-2019 ikasturtean hasi zuten lantzen kanpo espazioak eraldaketa beharra zuela somatu ostean: “Grisa, hotza eta hezea zen espazio bat, argitsua, beria eta haurren beharrei egokitua izatea nahi genuen. Beraz haurren eskaera honi heldu genion”, adierazi dute Txatxilipurditik.
Zehazki, ludotekako txokoak definitu, elkarlanean landu, ortua sortu eta murala margotu da, eta aurrera begira, geratzen diren bi eremuak sortzen jarraituko dute: Lokatz gunea eta orain arte huntzak egon diren gunea atonduko dituzte.
Santamainako hezitzaileek adierazi dutenez, “Parte hartze prozesu bat ireki genuen honetarako: saioa kanpo espaziotik hasi eta gela lasaian amaitu genuen. Plano baten gainean diseinatu genituen txokoak, bakoitzaren arauak, beharrezko materiala… Luzea izan zen prozesua baina emaitza ezin hobeak eman zituen”.
Haurren segurtasuna bermatzeko bibote batzuk jarri dira kanpoaldean, kotxeen harrapaketak ekiditeko. Horrez gain, Ludoteka txokotik zuzenean ortura joateko ate bat zabaldu da, eta horrela, haurrek ez diote eraikinari itzuli osoa eman behar eta arriskuak ekiditen dira.
“Emaitza bikaina da” adierazi du Maria Ubarretxena alkateak, “baina prozesua are eta garrantzitsuagoa eta aberasgarriagoa iruditzen zaigu. Haurrak erdigunean jarri eta beraien nahietatik eraikitzea oso garrantzitsua dela deritzogu. Beraien beharrak entzun, beraiekin batera erabaki, beraiena izango den lekua sortu eta guzti honekin espazioa beraiena egitea ezinbesteko da, ondoren eremu honekiko errespetua lantzeko, bertan gozatzeko eta behar dituen aldaketak ere egiteko, momentuko errealitateari egokituz”.