Santa Teresako arbolak bota dira “zuhaixkak hazteko” eta “gaixo zeudelako”

0
689
mozketak

Araba etorbideko mozketek “Udalaren kudeaketarekin zerikusirik ez dutela” esan du Oscar Garciak, saileko zinegotziak. Arrasateko herrigunean 5.400 zuhaitz baino gehiago daude egun, eta Udalaren asmoa da “zuhaitz autoktono gehiago landatzea”.

Prentsaurrekoa eman dute gaur goizean Oscar Garciak (Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoetako zinegotzia) eta Moises Altunak (sail bereko arduradun teknikoa).

“Prentsaurreko hau egitearen arrazoia da, neurri batean, azken asteetan zuhaitzen gaiaren harira, jendearen artean ikusten dugun ezegonkortasuna, bai sare sozialetan, baita kalean ere”, esan du Garciak.

“Aldarrikapen xelebreak entzuten gabiltza, Udalak zuhaitzekiko duen politikaren ingurukoak. Prentsaurreko honen bitartez gure eredu tekniko eta politikoa azaldu nahi dugu”.

Adierazi duenez, zuhaitzak mozteko “irizpide eta eredu teknikoak hartzen ditugu aintzat, %100ean”, eta “lehen irizpidea” gizakien “segurtasuna da”.

Horrela, Udalak “Cespari txosten tekniko bat eskatzen” dio, eta informe horrek erakusten du “Arrasateko zuhaitzen osasun egoera”.

“Gerta daiteke oinezko batzuentzat arbola batzuek, itxura ona dutenez, osasuntsu daudela pentsatzea. Baina adituek argitzen dute onik ez daudela”. Egoera horretan daudenak “soluziorik ez badute, moztu egiten ditugu lehenengo”.

Segurtasun irizpidea ere aplikatzen dute, zuhaitza etxe batetik hurbilegi izatean. “Gutxienez 6 metro egon behar dira fatxadaren eta zuhaitzaren artean”. Egoera hauetan arazoak izan daitezke etxebizitzetan:

  • Polena
  • Intsektuak
  • Itzala
  • Adarren kolpeak

“6 metro baino gutxiagora baldin badago, guk zuzenean ez dugu arbola mozten, soilik eragozpenak sortzen dituztenean, normalean bizilagunek hala eskatuta”.

“Baita txostenak hala aholkatzen badu eta arbolak bestelako arazoak eragiten dituenean ere. Adibidez, sustraiek ur-hodiak kaltetu ditzaketenean”. “Arau hori oso interesgarria da urbanizazio berriak egitean”.

“Kasu bakoitza aztertzen dugu – adierazi du Moises Altunak – eta kasu batzuetan pertsonak ezin du etxeko leihoa zabaldu. Holakoetan, ezin zaio pertsonari halako karga bat eramatea eskatu”.

Horren adibideetako bat da “San Andresko autobus geltokiaren ondoan zegoen zuhaitz handia. Ederra zen baina zuloak eta batxeak eragiten zituen. Auzotarren kexa ugari eragin zituen”.

Zuhaitz bat bota ostean “saiatzen gara beste bat landatzen, zuhaixka bat landatzen, edo behintzat arbusto bat”.

“Udalak ez du bere politika egiten Arrasate Opinaren arabera – adierazi du Oscar Garciak -. Arazoa da jendea kexatzen dela kexatu behar ez den tokietan. Kexa BAZen aurkez dezala, eta Udalak aztertuko du arazoa funtsezkoa den edo ez”.

Udalak badu beste irizpide bat zuhaitzen alorrean: “zuhaitzaren osasuna. Cesparen txostenak zehazten ditu gaixo dauden zuhaitzak. Aztertu egiten da gaixotasuna behin-behinekoa den edo soluziorik ez duen. Hala bada, mozten dugu normalean”.

Arrasateko herrigunean platanoa da espezie ugariena. “Hibridoa da, ez da autoktonoa, eta ondorioz gaixotasun batzuk ditu, adibidez zomorro espezie bat”.

Eritasun hau “urtero-urtero azaltzen da, eta horrek eragiten du platanoaren ondoko zoruan koipe beltz antzeko bat egotea”. “Normalean ez da onddoen izurrite bat”.

Gainera, “eskatzen du urtero-urtero inaustea, eta adarrak puntu zehatz batean mozten dira. Ondorioz, adarrak ahul daude puntu horretan, haizearen ondorioz eror daitezkeenez, segurtasun arazo bat dago”.

Portaloiko platanoak “gaixo daude baina ez dira eroriko, lasai. Gure asmoa da apurka-apurka bertako espezieekin ordeztea”.

Horien artean daude “haritza, artea, pagoa,… Zuhaitz hauek ondo haz daitezen, espezie horietako zuhaixka landatzen dugu, baina bere ondoko zuhaitz zaharragoek sustrai zabalagoak dituztenez, eta itzala egiten diotenez, zuhaixka haztea galarazten dute”.

“Gernika pasealekuan, Santa Teresako paseoan, zuhaixkak haztea zailtzen zuten zuhaitz zaharragoak kendu ditugu”.

“Hasieratik Udalaren asmoa zen platano horiek (arbola zaharrak) kentzea. Horien ordez, bertako zuhaixkak landatzen ari gara: urkia, lizarra,…”. Pasealekuko hainbat zuhaitz kentzearen beste arrazoia da “gaixo zeudela“.

Arrasateko beste gune batzuk “dentsitate handikoak dira, zuhaitz gehiegi daude, arazoak eraginez: leku nahikorik ez dutenez, okerturik hazten dira, adarrak apurtzen zaizkie,…”. Arazo hori izatean ere mozketak egiten ditu Cespak, Udalak eskaturik.

2014an Arrasateko herrigunean eta auzo garaietan “5.400 zuhaitz baino gehiago bizi ziren. Horietatik %60 inguru kanpoko espezieak ziren (ugariena platanoa), eta %40 inguru autoktonoak”.

Horiei gehitzekoak dira “azken Zuhaitz Egunetan urteko landaturiko 150-200 zuhaitz autoktonoak”.

“Gure asmoa da gero eta zuhaitz gehiago landatzea osasungarria delako, herriari bizitza ematen diotelako eta gure ondore historikoari eutsi behar diogulako”.

Nafarroa etorbidean, errekaren eta errepidearen artean dauden ezkiak (tiloak) “mozten gabiltza apurka-apurka, batzuk arazoak sortu dituztelako, beste batzuk gaixo zeudelako,… Bertan zuhaixka batzuk landatu ditugu”.

Araba etorbideko obretan tilo ugari moztu ziren udan, eta Oscar Garcia saiatu da mozketa horiek Udalarengandik urruntzen:

“Hori beste gai bat da”, Araba etorbideko zuhaitzen mozketak “ez du zerikusirik Udalaren kudeaketarekin. Arabako proiektua aurrera eramateko, zuhaitzak nahitaez bota behar ziren. Proiektuaren arabera, ez zeuden toki egokian”.

Araba etorbidean zenbat zuhaitz moztu ziren galdetuta, Udalak erantzun du “gure proiektua ez dela. Ez dugu datu hori eskatu, eta ondorioz ez dakigu”.

Obrek “espezie autoktonoak landatuko dituzte, izan ere, proiektu batek esaterako 200 metro koadro berdegune kentzen baditu, behartuta dago beste 200 metro koadro berdegunerekin ordezkatzera”.

Arbolapetako zuhaitzak “arazoak izan zituen zuhaitz handi baten aldeko apustua egin zelako. Tamaina horretako arbola bat garraiatzeko, aurrez sustrai ugari kendu behar zaizkio, eta horrek eragin zuen zuhaitza lehortzea”.

Horregatik langileek zuhaixka bat landatu zuten, eta egun “ikusgarri dago. Hori beti egiten dugu. Udaberrian ederra egongo da”.

2018an Udalak “109 zuhaitz kendu zituen eta 116 landatu. Horiei gehitu behar zaizkie Zuhaitz Egunean landaturikoak. 2019ko datu guztiak ez ditugu momentuz. Balantzea beti positiboa da”.

Inausketei dagokienez, “ahalik eta goizen egiten saiatzen” dira, denboraren poderioz “ostoak kalera erortzen direlako”, eta horrek zorua garbitzea zailtzen duelako.

“Abuztuan inausketa egitea zuhaitzaren kaltegarria izango litzateke”. Inausketak “amaitu ditugu”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen