Santa Teresa berroneratzeko proiektu integrala aurkeztu dute gaur goizean

0
1042

Gaur goizean Santa Teresa eta Doneztebe Portuko kaleak berroneratzeko plana aurkeztu da. Arrasatek 7,37 milioi euro jasoko ditu Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailetik, auzoaren hiri-berroneratze integralari aurre egiteko. Proiektua Santa Marinako alkatetzan aurkeztu da eta lehenengo xehetasunak Maria Ubarretxena Arrasateko alkateak eta Miguel de los Toyos Lurralde Plangintza eta Hiri Agendako sailburuordeak eman dituzte.

Arrasateko Udalak aurkeztutako proiektu integrala 11.198.341 €-koa da, eta horietatik 7,37 milioi euro Eusko Jaurlaritzak jarriko ditu. Udalak aurkeztutako proiektuak 6.227.181,34 €-ko zuzkidura biltzen du eraikinen eta etxebizitzen birgaitze integralerako, irisgarritasunari (igogailuak jartzea), bizigarritasunari eta eraginkortasun energetikoari dagokienez, eraikinen inguratzaileak hobetuz eta berokuntza-sistemak modernizatuz eta instalatuz. Halaber, fatxadetako gas-, argi- eta telefono-instalazioen kableak antolatzea aurreikusten da, suteen aurreko segurtasun-arloko aurrerapenekin eta amiantoa duten elementuak kentzearekin batera. Halaber, energia-komunitateak sortu ahal izango dira, eta ia 100 etxebizitzetan jardutzea aurreikusten da.

Era berean, proiektuak beste 4.666.763 € biltzen ditu igogailu publikoetarako, auzoaren irisgarritasuna hobetzeko, eta zati batean egikaritzen ari da, 58.000 € 2005etik udalak duen urbanizazio-proiektua eguneratzeko eta beste 2.293.097,97 € urbanizazio-proiektua eguneratzeko. Hiri-ingurunean egiten den esku-hartze horren helburua da oinezkoen erabilera, irisgarritasuna eta hiri-espazioen berroneratzea sustatzea, bizikidetzan sakontzeko.

Era berean, proiektuak gizarte-arloko esku-hartze bat jasotzen du, auzo horretarako enplegu-plan espezifiko batean islatzen dena, 309.396 euroko zenbatekoarekin. Guztira 10 langile kontratatuko dira auzoa hobetzeko obretan igeltserotza-lanetan lan egiteko. Iraupen luzeko langabeak edo DSBE jasotzen dutenak; urtebeteko kontratua sinatuko dute.

Proiektua aurrera eramateko, kudeaketa-batzorde bat eratuko da, eta honako hauek osatuko dute: udaleko ordezkari batek, Lurralde Plangintzako eta Hiri Agendako sailetako ordezkari batek eta auzoko bizilagunen komunitateetako ordezkari batek. Gainera, hurbiltasuneko bulego bat jarriko da, Opengela proiektu europarraren ereduari jarraiki, dauden laguntzak eta erreforma-jarduerak kontsultatzeko gune bat izango dena. Oraindik ez dago irekitzeko datarik.

Jakinarazi dutenez, “lehenengo bilerak 2023ko urtarriletik aurrera egingo dira, eta obren lizitazioa urte bereko bigarren seihilekoan. Lanak 2024aren hasieran hastea aurreikusten da.” Zehaztu dutenez, “erreformetarako laguntzak %70 izango dira etxebizitza bakoitzeko, eta kalteberatasun-egoeran dauden pertsonek obraren kostuaren %100 jaso ahal izango dute. Laguntza hori ez zaio Eusko Jaurlaritzari itzuli beharko.”

Maria Ubarretxena alkateak nabarmendu du “Eusko Jaurlaritzak aukeratu izana Santa Teresa auzoa biziberritzeko proiektua, Udalak Etxebizitza eta Lurralde Plangintza Sailari aurkeztutakoa: proiektu publiko-pribatua da, eta zuzenean eragingo du Santa Teresako bizilagunen bizi-kalitatean.” Miguel de los Toyos Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren sailburuordeak azaldu duenez, “auzoen hiri-berroneratze integralerako programa, Arrasateko udalekin batera gauzatzen dena, etxebizitzetan eta ingurunean esku hartzeko alderdi bat barne hartzen du, bizi-kalitatea eta ingurumen-iraunkortasuna hobetzeko, baita alderdi sozial bat ere, komunitateen enplegagarritasun-baldintzak hobetzeko neurriak aktibatuko baitira.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen