Santa Marinako Jaien Antolakuntza berriak nobedadeak prestatu ditu

0
3568

>Bertako talde batek Jai Batzordea sortu du, eta ekitaldi askorekin batera, ekimen hauek antolatu ditu: belaunaldiarteko bazkari herrikoia, txutxu trena, jaietako maskota, Mararen aldeko diru-bilketa eta Alarma Morearen kontzertua. >Egitaraua uztailaren 18tik 20ra ospatuko da.

Talde berri hau Santa Marina Auzoko Jai Batzordea da, eta gaur arratsaldean prentsaurrekoa eman du bertako alkatetzan.

“Orain arte jai batzorderik ez da egon, eta auzo-alkatetzeak antolatu izan ditu jaiak”, azaldu du batzordearen izenean Eskarne Garitaonandia ordezkariak.

“Iaz hasi ginen jai batzordea sortzeko asmotan, baina berandu ibili ginen, eta beste zenbait arrazoirengatik, ez zen posible izan”.

Batzorde honetan “bizilagunok, herritarrok, auzoko kale guztietakoak gaude: Santa Marina auzoa, Galizia kalea, Hondarribi kalea, Makatzena, Agerre, Santa Teresa,…”.

Taldekideek somatu zuten “urteak zirela auzoko jaiak oso motelduta zeudela, ekitaldi askorik ez zegoela, triste zegoela, eta jaiei bultzada bat eman gura diegu”. Helburu hori lortzea espero dugu taldekide guztiok eta auzotar denok”.

Gainera, batzorde berriak ere agertu du “urtean zehar zenbait ekintza kultural egiteko asmoa. Baina oraingoz jaietan zentratu gara, eta gerokoak gero, poliki-poliki”.

Hortaz, aurtengo jaietako “berrikuntza handiena Antolakuntza bera izan da. Baina ez bakarra, adibidez maskota bat sortu dugulako, ‘Hontza’ izenekoa”.

“Gautxori bat da, gu bezala, eta hortik sortu zen ideia. Gainera auzoan artista asko ditugu, eta hauetako batek maskotaren irudia sortu du”.

Beste nobedadeetako bat ‘Gure nagusien bazkaria’ izango da: “Auzo askotan normalean alde batetik nagusien bazkaria egiten da, eta bestetik bazkari herrikoia”.

Ordea, “guk jendearekin hitz egitean, adibidez nik – adierazi du batzordeko ordezkari Eskarne Garitaonandiak – nire amarekin eta beste batzuek ere gurasoekin, esan digute gurago dutela gazteekin izatea”.

Ondorioz “aurtengo probatu egingo dugu, eta beraz Makatzenako bazkari herrikoia eta nagusiena elkarrekin egingo dira”.

Adineko pertsonek prezio bat izango dute, 5 eurokoa, eta besteek prezio arrunta. “Makatzenara igotzeko txutxu tren bat ibiliko da bazkarira igotzeko”.

Jai batzordeak ere asmo du txutxu trenak “Arrasateko erdialdetik auzora igotzea, goizean eta arratsaldean, adibidez jendea arratsaldeko kontzertuetara igo dadin”.

Jaietako zapiek hontzaren irudia daukate, eta “zapien eta pultseren salmentarekin lortuko dugun diru guztia Mararentzat eta bere familiarentzat izango da”.

“Baita pultseren salmentarekin lortuko dugun diru guztia ere. Pultserak dagoeneko agortzear daude, eta euro bateko prezioa dute”.

Gainera, laguntzeko beste modu bat ere baduzu: “donazio bizum bat eginda 11993 zenbakian, adibidez Mundukideri edota Gurutze Gorriari egiten zaien bezala”.

Egitarauari dagokionez, ostiralean txosnaren irekiera ospatuko da, ‘hontza’ izenekoa, arratsaldeko 18:00etan. Gauetan hiru musika-emanaldi handi izango dira:

Dj Iver ostiralean 22:00etan, Alarma Morea larunbatean 23:00etan, eta Albina Stardust igandean 22:00etan.

Gainera, formatu txikiagoan, tabernetako terrazetan kontzertuak antolatu dituzte zapatu arratsalderako:

Hip-hop festa Montserrat tabernan, Kremallera punk taldea Aldapa tabernan, Can’s rockers taldea (Iron Maiden eta Metallicaren bertsioak egiten dituzte, besteak beste) Donosti tabernan, eta Sin+ taldea Monterrey tabernan.

Aipatzekoa da aldaketa bat egon dela, igandean txosnagunean Iñi eta Alaik kontzertua eman behar zuten, baina euren ordez Alex Ferreira rockero legutiarra ariko da.

Umeentzako egun nagusiena domeka izango da, Txatxilipurdik bertan jardungo duelarik. Hortaz gainera, txalaparta tailerra, parcour tailerra eta bestelakoak ere izango dira.

Eta noski Sambamañaren auzoan ez da batukadarik faltako. “Sambamaña auzoetako jaietan sortu zen, hasieran txaranga bat zena, eta bere 10. urteurrenean, aurrerapauso bezala, batukada egin genuen”.

Aipatzekoa da larunbateko bazkari herrikoian tematika mariatxiak izango direla. “Mariatxiak kontratatzeaz gain, animatzen ditugu auzotar eta kaletar guztiak mariatxiz mozorrotzera”.

“Gu hala egingo dugu eta txosnetan mojitoak izango dira. Aurten gai hau izan da baina datorren urteetan bestelakoak izan daitezke”.

Jaiak uztailaren 18tik 20ra bitarte ospatuko dira.

Albistea osatzen gabiltza

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen