Herenegun arratsaldeko Udalbatzarrean, galde-erantzunen txandan, Martin izeneko gizon batek hitza hartu zuen.
Bideoak: Udala.
Martin izeneko gizonezkoak Plenoan, Podemos Arrasateko Eva Abuin zinegotziari zuzenduta, esan zuen igandean Santa Marinako alkatea Matilde Martin “bahituta” egon zela.
Ustezko gertaera horrek “ordubete edo ordubete baino gehiago” iraun zuen. Aurreko asteburuan auzoko jaiak ospatu dira.
Eva Abuin zinegotziak harrituta galdetu zion “ea zergatik esaten didazun hori niri?”. Zinegotziak eskatu zion ustezko gertaeraren inguruko datu gehiago eman zitzala, baina Martin izenekoak hori egiteari uko egin zion, bere hitzartzea amaituz.
Eva Abuinek ziurtatu zuen ustezko gertaera horren berri ez zuela, eta Plenoan zenbaitetan Martini eskatu zion azal zezala. Podemos Arrasatek gaur errektifikazio publikoak eskatu ditu.
Matilde Martin bera (PSOE-PSE) ere Plenoan zegoen, eta hitza hartu zuen esateko “askatasuna eskatzen duzue baina soilik interesatzen zaizuenentzat, baina ez jazartuak izaten ari garen pertsonontzat”.
Gehitu zuenez, “egia esan ni igandean jazartua eta bahitua sentitu nintzen [Santa Marinako] alkatetzaren barruan, zergatik? Presoen aldeko paperak bota zizkidaten”. Esan zuenez, “askatasuna bai, baina denontzat”.
Podemos Arrasateko zinegotziak exijitu zuen “akusazio bat egin duzuenez jakin nahi nuke zer gertatu zen, gauzak argitu daitezen”.
Arrasateko alkateak amaitutzat eman nahi izan zuen Osoko Bilkura. EH Bilduk Matilde Martini adierazi zion “zerbait gertatu bada, eta nahi baldin baduzu jakinaraztea…”.
Baina une horretan Santa Marinako alkateak hori egiteari uko egin zion keinu bidez, eta bukatu zuen esaten “igandean bahitua izan nintzen, zuek Bildukoek bahitu ninduzuela, Bildukoak ziren bahitu nindutenak”.
Hori esanda udal-plenotik alde egin zuen. EH Bilduko zinegotziak harrituta geratu ziren. Eva Abuinek haserre adierazi zuen “baina zer da hau? Akusazio nahiko larriak egiten ari zaizkigu”, Arrasateko alkateari zuzenduta.
Maria Ubarretxenak erantzun zuen “daukazuen arazoa zuek konpon ezazue”. Eva Abuinek: “Nik ez dut inolako arazorik”. Alkateak: “Guk bai ez daukagula ezer”. EH Bilduko Maider Morrasek: “Ezta guk ere, ez dakigu horretaz ezer”. Alkateak amaitutzat eman zuen Osoko Bilkura.