“Santa Barbaran nafar gazteluko zati zaharrak aurkitzeko industu behar da”

0
503

Iñaki Sagredo historialari-arkeologoak hitzaldia eman du Arrasaten, Zuztarrak Errotuzek antolaturik. Atxorrotzeko gazteluaren inguruko ezagutzak ere partekatu ditu.

Irudia: Arrasateko gazteluaren erreprodukzioa, Aranzadi elkartetik.

Zuztarrak Errotuzek antolatuta, ‘Atxorrotx eta Arrasateko gaztelu nafarrak Gipuzkoako defentsan’ hitzaldia izan da asteon Kulturaten.

Iñaki Sagredo historialari-arkeologoa da lanbidez, eta ‘Nafarroako Erreinuko harkaitz-gazteluak’ tesi doktorala lantzen dihardu.

1997tik dabil nafar lurralde historiko guztietako gazteluen ikerketan murgilduta. Ordutik, arkeologia proiektu eta indusketa ugaritan hartu du parte, baita Euskal Herritik kanpo ere.

Atxorrotxen esaterako, hamar kanpaina eta gero, V. mendetik hasi eta XV. menderainoko bilakaera dokumentatu du.

250etik gora hitzaldi eman ditu, Nafar erresumaren historia, “hain ezkutatua eta beraz ezezaguna gehienentzat, ezagutarazteko asmoz”.

Horretaz gain liburu ugari idatzi ditu, tartean 2006an hasitako bost tomoko bilduma mardula, ‘Erreinua defendatu zuten gazteluak’ izenburuarekin.

Hirugarren tomoak, 2007an argitaratua, ‘Mendebaldeko Nafarroa, itsasoko muga. Araba, Bizkaia, Durangaldea, Gipuzkoa’ du azpi-izenburu. Baditu lan argitaratu gehiago, ‘Nafarrak ginenean’ 2012an edota ‘Amaiurko bataila’ 2022an.

Ikus-entzunezkoetan ere parte hartu du, tartean ‘Baskoien defentsa’ 2008an edota ‘Atxorrotzeko gaztelua. Denboraren talaiatik’ 2016an.

Aste honetan Arrasateko hitzaldian azaldu ditu “Gipuzkoako gazteluek zein funtzio zituzten, euren kokapena, euren ezaugarriak,… Oriaren eskualdean, Aralar aldean edota Debagoienean”.

Ekitaldia batez ere zentratu da Eskoriatzako Aitzorrotzen eta Arrasateko Santa Barbara edo Goikobalukoan.

“Garai hura nahiko ezezaguna da oraingoz, Nafarroako Erreinuaren tenentzien garaia izan zen, distrituak bezalakoak zirenak, erregeak kudeaturikoak, eta lurraldeak defendatzeko erabiltzen zirenak”.

Goikobaluko gazteluaren “oinplanoa itxuraz errektangularra zen eta dorreak erdi-zirkularrak ziren, arrastoek erakusten duten bezala”.

Alabaina, “gazteluaren elementu batzuk oraindik aurkitzeke daude, aljibea esaterako. Kontuan hartu behar da aljibeak arroka zulatuz egiten zirela”.

“Arrasatear askok gura dute gaztelu hau balioan jartzea. Duela hainbat urte dorreak aurkitu ziren, eta azpiegitura bat egin zen euren inguruan, baina jendeak orain gura du indusketa gehiago egitea arrasto gehiago aurkitzeko”.

Gai hauetan kontuan hartzekoa da “harresi baten ondoan zuhaitz bat hazten bada, bere sustraiak zabaltzen doazenez, harresiak kaltetzen dituztela”.

Horregatik “harresiak hobe kontserbatzen dira aire librean eta kontsolidaturik, lurpean baino”. Historialariak salatu duenez “egun Santa Barbaran ezin da indusketarik egin Aldundiak uzten ez duelako”.

Eraikin honen garrantziari dagokionez, “pasabide estrategiko batean kokatuta zegoen, Durangorako noranzkoan. Industu duten adituek diotenez, gaztelua XIII. mendekoa litzateke, beraz Nafarroako Erreinuari dagokionez berantiarra”.

“Hala ere, mende horretakoa dela sinestea zaila da, XI. mendeko Iruñeko Erreinuko Alfontso ‘Batailatzailea’ren txanpon bat Goikobaluko indusketetan aurkitu zelako”.

“Badirudi Santa Barbarako gaztelu hau Atxorrotzeko gazteluaren tenentziaren barruan zegoela, inguruko beste hainbat gazteluk bezala”.

Goikobaluko egungo arrastoek “XIII. mendekoak baldin badira, Mondragoeko hiribildu sorrera gaztelarrarekin lotura izan dezakete, edota gaztelarren aldeko jendearekin lotura”.

“Gauza bera gertatu zitzaigun Marutegi edo Murutegiko gazteluan, Araian (Araba). Indusketak egin ostean, gure ondorioak izan ziren bertako muruak XII. mendekoak zirela, hau da, nafar garaikoak”.

“Baina ondoren UPVko arkeologia talde batek indusketak egin zituen leku berean, eta ondorioztatu zuen garai horren ostekoak zirela, hau da, XIII. mendekoak”.

Kontuan hartu behar da “zortea izan behar dela arrastorik zaharrenak aurkitzeko, ondo aztertzeko, eta testuinguruko materialak ere behar bezala aztertu behar direla”.

Adibidez Aitzorrotzen “guk aztertu genuen eta bere testuinguruari buruzko pista batzuk eman diezazkigu. Gu 2012an proiektu bat aurkeztu genuen, baina beste pertsona batzuek lortu zuten proiektuaren ardura”.

Gaur egun Eskoriatzako gaztelua “nolabait esateko, abandonatuta dago, aztarnak ezkutatuta daude, eta jendeak ez daki indusketetan zer egin zen. Ez dago horri buruzko hitzaldirik, memoria sentiberarik,…”.

“Horrek herriko jendeari ezinegona eragiten dio, eta nik sentimendu hori ulertzen dut. Jendeak gura du gazteluari bizitza ematea, baina badirudi ez dietela hori egiten uzten”.

Goikobaluko eta Aitzorreko gazteluen arteko harremana “argitzeke dago. Adibidez XI. mendeko Iruñeko Erreinuko Alfontso ‘Batailatzailea’ren txanpon bat Aitzorrotzen ere aurkitu genuen”.

“Kointzidentzia edota pista bat da, bi gazteluen arteko harreman bat iradokitzen duena. Litekeena da Arrasateko armadun jendeak Aitzorrotz ondo ezagutzea, Nafarroako Erreinuaren baitan”.

Hala ere, galdera gehiago erantzuteko “Santa Barbara gehiago aztertu behar da, gaztelu handi bat zen, eta berraikitako zatiez gain, zati zaharragoak izango ditu ziurrenik. Lekuari dagokionez, azterketa zabalago bat egin behar da, zati zaharrenak aurkitzeko eta sakonki aztertzeko”.

Kontuan hartu behar da “XI.-XII. mendeetan egurrezko egitura asko eraikitzen zirela, eta Arrasateko 1448ko erreketa, Leitzan eta beste herri askotan bezala, handia izan zen etxe asko eta asko egurrezkoak zirelako”.

“Baliteke Atxorrotzeko gazteluak ere zurezko egitura asko izatea, dorrea esaterako. Hau guztia ikertzeke dago”.

“Guri Atxorrotzeko indusketak 10 urteko lana suposatu digu, poliki-poliki industu behar delako. Izan ere, Gerra zibileko lubakiak ere badira bertan”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen