Argazkia: Ramon Ugalde.
Mondragoeko Santa Barbarako parkean arbola berezi bat dago: txortondo bat edo artelatza, erdaraz “alcornoque “ deitzen zaio eta bere izen zientifikoa latinez ematen dute: Quercus suber.
Arbola mota hau ez da ohikoa Euskal Herrian, gune isolatu batzuk omen daude Gipuzkoako kostaldean, Zumaian eta Zarautzen hain zuzen. Baina hortik aparte ez dakit beste inon agertzen den arbola mota hau. Beraz bitxikeria bat da arbola mota hau Arrasaten egotea.
Artelatz honek daukan tamainagatik pentsa dezakegu urte batzuk badauzkala baina ezin dugu zehaztu. Naturala da arbola hau? Berez sortu zen edo kanpotik ekarri eta bertan landatutakoa da? Txortondo honen inguruan badaude arbola exotiko batzuk, hala nola zedroak eta zipresak… Arbola exotiko hauek nahiko garatuta daude, ia gure txortondo/artelatzaren parekoak dira. Baina txortondo/artelatz hau garapen motelagokoa da eta uste genezake bertara aldatutako arbola exotikoak baino zaharragoa dela. Noiz diseñatu zen Santa Barbarako parketxo hau? Zer zegoen aurretik? Ez dakit.
Dena dela nire hipotesia da, agian oker egon naiteke, eta oso gogor egiteko ez nago baina artelatz hau bertakoa da, ez dago kanpotik aldatuta Santa Barbarara.
Izan ere, arbola mota honen garapenerako Santa Barbarako gune honen baldintzak oso egokiak dira: kare harrizko ingurua, eguzki alderako orientazioa… Segurutik mota honetako arbolak ugariagoak izango ziren inguru honetan baina urteetan desagertzen joan ziren.
Horrelako egoeran dauden espezieak “relicto” moduan ezagutzen dira: garai batean ugariak izan ziren baina gaur egun gune isolatu batzuetan baino irauten dutenak.
Ez da parkeetan sartzen den arbola klasea: oso arraroa da inork arbola honen tantai bat edo ezkur bat ekarri eta bertan jartzea. Baina nork daki!
Arrasaten daukagun arbola hau nahiko dotorea da, edo ez? Artelatzaren orriak artearen modukoak dira baina azala ostera askoz lodiagoa. Arbola honen azala kortxoa egiteko erabiltzen da, ustiatzen den lekuetan arbolari azala kentzen zaio eta urte batzuetara berriro sortzen zaio.
Latinez Quercus suber moduan da ezaguna. Nondik dator suber hori? Honen inguruan ere beste hipotesi ausart bat botatzen ausartuko naiz. Suber zur- beratik etor daiteke? Euskaraz beratzea da biguntzea, afotzea. Erdaraz ere egurra “ akortxatu” egiten da, hau da degradazioaren poderioz gogortasuna galdu eta ahuldu egiten denean.
Hipotesiak hipotesi bueltatxo bat egin Santa Barbaratik eta disfrutatu arbola honekin.
Mondragoeko beste bitxikeria bat da eta, inguruan ez daukatena. Zainduko dute arbola hau ezta?





Fact edo fake txakurren laguntzari esker, badirudi Santa Barbarako artelatza ez dela berezkoa, aldatutakoa edo birlandatakoa dela. Beste artelatz dotore bat Santamañan dago eta Arruenan ere bai.