Santa Barbara Piztu Jaia ospatuko dute urriaren 23an

0
1827

PLAZABIZI ekimenak Santa Barbara Piztu Jaia antolatu du urriaren 23rako, ostirala, Arrasaten. 17:00etatik 20:00etara, adin guztietako herritarrei zuzendutako tailerrak, musika, erakusketa, sari zozketa eta kontzertua egingo dituzte, Santa Barbara herritarren topagune bihurtzeko helburuarekin.

Arratsaldean zehar, hainbat jarduera izango dira parkean: txalaparta, margo eta sendabelarren tailerrak, Txatxilipurdi elkartearen proposamenak eta familientzako Altxorbarbara jolasa. Horrez gain, margo talde batek Santa Barbarako hainbat txoko margotuko ditu, eta trikitilariek, pandero-joleek eta txistulariek girotuko dute jaia.

17:00etatik 19:00etara, ur txorroten ondoko PLAZABIZI gunean, ekimenak orain arte egindako lanen argazki-erakusketa egongo da ikusgai. Bertan, zozketatuko diren sariak ere erakutsiko dituzte; besteak beste, bizikleta bat eta patineteak. Zozketan parte hartzeko, egunean bertan gune horretara joan eta izena eman beharko da. Sari banaketa 18:45ean egingo dute.

Jaiari amaiera emateko, Pentsauko Jatsu taldeak kontzertua eskainiko du 19:00etan. Antolatzaileek orain arte PLAZABIZI ekimenean parte hartu duten herritarrak, Arimazubiko auzotarrak eta Arrasateko gainerako bizilagunak gonbidatu dituzte jardunaldian parte hartzera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen