Santa Ageda korua, gaztetua eta parekideago, elkartasunez aritu da

0
2837

Abeslari beteranoek eta gazteek, txistulariekin eta gaiteroekin batera, gehienbat Ziorlan eta Bedoñan ibili dira. Gainera, udaletxeko saioa domekan tokatu denez, herritar ugarik jarraitu du bertan saio ederra. Bertan emakumeek ‘Iluntzean’ abestu dute, Maialen Gonzalezek zuzenduta.

Aurten meza goizeko 09:00etan izan da, eta ondoren parrokia ingurutik bi koru abiatu dira. Bata, Ziorla ingurutik kantari eta eskean ibili da, baserriz baserri. Beste koruak gauza berbera egin du Bedoña inguruan.

Jarduera horretan oro har beteranoek eta gazteek txistularien, gaitarien, akordeoi-joleen eta bestelako musikarien laguntza izan dute.

Auzoak alaitu ostean, eta kalejira giroa nagusi, bi koruek bat egin dute eta Herriko plazan dantza saio bat izan da. Ondoren, udaletxera sartu dira.

Aurten Santa Ageda bezpera domekan egokitu denez, eta Udalak ere deialdia eginda, aurreko urteetan baino herritar gehiagok jarraitu dute udaletxeko saioa bertatik bertara.

Ohi bezala, Iñaki Maidaganek zenbait kantu zuzendu ditu, baina aurten emakume batek, Maialen Gonzalezek, zuzendari-lanak egin ditu. Bere gidaritzarekin koruko emakumeek ‘Iluntzean’ abestu dute.

Baliteke kantu hau izatea udaletxean ikus-entzuleen txalo beroenak jasotakoa. Emanaldia oro har herritarren oso gustukoa izan da, eta txalo beroak eskaini dituzte.

Arratsaldean ere kantaldiek jarraitu dute, helburuetako bat behar ekonomiko larrian diren pertsonendako dirulaguntza lortzea izanik. Zorionak Santa Ageda koruei!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen