Bi ekitaldi nabarmendu ditu: ekainaren 23ko pregoia Santa Barbaran eta ekainaren 26ko manifestazioa. Txosna Batzordeak dei egiten du ekitaldietan “segurtasun distantzia mantentzea eta maskara janztea”.
Arrasateko Txosna Batzordeak adierazi duen bezala, “aurten San Juan jaiegunak bereziak izango dira, baina Txosna Batzordeko kideok umorez hartu eta egitarau xelebre hau atera dugu!! Ez hartu oso serio… edo bai!”.

Txosna Batzordeko testua:
“Urte arraroa da aurtengoa, eta aipatu genizuen bezala, aurten ezingo ditugu jaiak ohi bezala ospatu. Hala ere, zerbait egiten saiatuko ginela esan genuen; eta, horregatik, guretzako bereziak diren bi hitzordu
aurkeztera gatoz gaurkoan. Alde batetik, urtero bezala, jaiei hasiera ematen dien txupinazoa eta pregoia izango ditugu 23 goizean. Jaiak ohi bezala ospatu ezinak ez du esan nahi giro berezia eman ezin diegunik egun horiei; beraz, guk ere, urtero bezala, pregoiarekin hasiko ditugu jaiak. Aurten txosnagunerik egongo ez denez, Santa Barbaran izango dugu hitzordua eguerdiko 12:00etan. Lagun zein senitartekoekin bertaratzeko
gonbidapena luzatzen dizuegu”.
“Bestalde, aipatu nahiko genuke aurten ere presoen aldeko manifestazioa egingo dela. Aurrez ere aipatu izan dugun bezala, deialdi hau gure herrikideak diren Josu eta Unairen etxeratzea eskatzeko egin izan
dugu urtez urte; eta aurten ere ez gara isilik geratuko. Hala ere, 25ean egin beharrean, aurten Ekainaren 26rako Arrasateko Sarek egindako deialdira batuko gara gu ere. Manifestazioa 19:00etan hasiko da Sebero Altube plazatik. Beraz, animatu eta gerturatu! Unai eta Josuri gure babesa helaraztea inoiz baino beharrezkoagoa izango da eta”.
“Azkenik, segurtasun eta babes neurriek baimentzen duten neurrian, jaiak ospatzera eta jaietaz gozatzera bultzatu nahi ditugu Arrasatearrak. Txosnagunerik gabeko urtea izango den arren, ez dadila aitzakia izan
egun hauetan zerbait berezia ez egiteko”.

Azkenien, gaztiek arduratsuenak. Txosnak ez jartzea erabaki daue segurtasunagatik eta gure alkate andere populista-elektoralista gorenak goizeko bostak arte zabalik egoteko baimena eman die tabernei.