Sanjoanetako zuhaitza prestatu du Udal Brigadak “plazan gazteek zentzuz igotzeko”

3
1511

Udal-brigadako bi langile gaur goizean zenbait ordu egin dituzte Musakolan arbola mozten eta zuritzen. Era berean, Brigadak dei bat egiten du ekainaren 23ko ekitaldira begira, arrisku puntu bat duen ekitaldira begira.

“Ohiturari jarraituz, aukeratu dugu enborra ahalik eta zuzenen duen zuhaitz bat – azaldu digu Xabier Herrartek bertan – . Aukeratutakoak bihurgunetxo batzuk ditu baina Arrasaten ditugun aukeren artean zuzenena da hau”.

Izan ere, duela urte batzuetara arte, Sanjoanetako makala Arrasatek Elorregi – San Prudentzion daukan lursailetik ekartzen zen. Baina txopera edo makaldi horretako zuhaitz luzeak urteen joan-etorriarekin agortu ziren.

“Egun Arrasateko lurretan ez dago makaldirik eta ondorioz beste espezie bat aukeratu behar izaten dugu. Aurtengo jaietakoa esaterako akazia bat da”.

Gaur goizeko lanetan, hasieran eta lanak errazte aldera, lehenengo zuhaitzari zenbait adar moztu dizkiote, ondoren ebaki dute eta bertan zuritu dute motozerra batekin, besteak beste.

Udal-brigadak ekainaren 23an enborra berrartuko du, eta Uarkape frontoiaren kanpoaldean paratuko du, koadrilek Herriko plazara eraman eta altxa dezaten.

Xabier Herrarte igoera horren koordinatzailea ere bada, eta arriskua baduen igoeraren inguruko dei bat egin du: “Zuhaitza igoko duten gazteei eskatzen diegu zentzuz joka dezatela, lehenago edaten badute neurrian edan dezatela, eta zuhaitza nola igotzen den dakigunoi kasu egiteko. Ondoren, arbola igo ostean, gozatzeko nahi beste denbora izango dute”.

3 IRUZKIN

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen