Ezohiko jaietako ekitaldiak Unai Parot, Eugenio Barrutiabengoa ‘Arbe’ eta Jose Manuel Pagoaga ‘Peixoto’ren etxeratzea aldarrikatu du.
Argazkiak: Sare Arrasate.
Sare Arrasatek eta Txosna Batzordeak antolatuta, Sanjoanetako ohiko hitzordua egin zen herenegun arratsaldean, Azken Ostiralarekin bat eginda.

Covid-aren aurkako neurriak hartuta, mobilizazioak azken urteko gazi-gozoak ekarri ditu gogora: Kepa Arkauzen atxilotzea, Josu Arkauzen etxeratzea, urtarrileko manifestazioa Arrasaten, Unai Paroten etxeratzearen aldeko ekimena, bere hurbiltzea,…
“Unai, Arbe eta Peixoto aske behar dutela” azpimarratu zuen manifestazioak, eta bide honetan, iragarri egin zuen Elkartasun Martxa egingo dela irailaren 18an.

“31 eragilek 31 kilometro egingo dituzte herrian zehar; Unaik espetxean daraman urte bakoitzeko kilometro bana. Kaleak hartzea, kalean egotea; eta beste behin preso, iheslari eta deportatuei gure babesa eta berotasuna helaraztea ezinbestekoak dira”.
Ekitaldiak esperantza bat plazaratu egin zuen: “Ea, borrokarako mila arrazoi izanagatik ere, datorren urtean ez dugun Arrasateko ohe hutsengatik mobilizatzeko beharrik”.