Arrasate Zientzia Elkarteak proposatu du ere aisirako gune bat prestatzea San Kristobal baseliza ohiaren eta hilerriaren artean. Gaur bisita komentatua egin du Europako Ondare Jardunaldien baitan.
Bisita komentatuan Monterron jauregia, bertako lehengo bizilagun batzuk, jardina eta San Kristobal.
Antolakuntzatik baloratu dute “gure ustez parte-hartzaileak gustura geratu direla. Guk jardunaldi hauetan heltzen diogu normalean heltzen ez diren gaiei”.
San Kristobalen inguruko “erreferentzia zaharrena 1448koa da, gure historiadoreek azaltzen baitute Mondragoeren erreketa talaia honetatik, toki estrategiko honetatik zuzendu zela”.
1936ko estatu kolpearen ondoriozko gerran ere leku estrategikoa izan zen, “hemen frontearen zati bat egon baitzen. Hemendik bailara ikusten da”.
Halaber, “herrian Angelusa egiten zen eta ondoren hemen goian [San Kristobalen]”. Talaia hau erabitzen zen “ekaitza etortzean, kanpaia jo eta herritarrei abisatzeko”.

Arrasate Zientzia Elkarteak proposatu du San Kristobalen “talaia bat egitea baselizaren inguruan, eta aisirako gune bat egitea hilerriaren eta baselizaren arteko inguruan”.
Horregatik, inguru honetan belarrak eta sastrakak moztea eskatu diote Naturzaintzak eta AZEk Udalari, eta Udalak hala egin du. “Asmoa da Udalak hemen eserleku batzuk ipintzea eta aisirako erabiltzea”.
Gune honetan bada “putzu natural bat, eta hezegune iraunkor bat izan daiteke, urak bizitza erakarriz”.
AZEk adierazi du “basoak kudeatu behar direla, eta proposatzen dugu talaia egitea eta San Kristobal baseliza ezagunagoa egitea”.
AZEk proposamen hau egiten du Udalaren Hirigintza Plan Orokorrak talaia bat egitea jasotzen baitu. “Ideia hori indartu behar da”.

Zutik mantentzen diren hormak noizkoak diren “ezin da ziurtatu. Jakin badakigu 1799an obra batzuk egin zirela eraikinean, Calahorrako gotzaiak aginduta”.
Agiri historiko batek dio “abelburuak eraikineko hormen eta sapaiaren artean sartu ohi zirela, eta agian gaizkileak ere”.
San Kristobalgo baseliza oso txikia zen, “2’7 metro zabaleran eta 7’4 metro luzeran. San Jurgin aurkitu dugun baseliza ere antzekoa tamainakoa da”.
San Kristobalgo baselizaren ondo-ondoan “baserria zegoen. Victoriano Fuentes, egungo Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoetako zinegotzia, hemengo azken biztanlea izan zen”.
AZEk adierazi duenez “1988an bizitoki hau utzi zuen. Berari esker, datu batzuk ezagutu ditugu, uraren kokapena esaterako. AZEtik eskerrak ematen dizkiogu Naturtzaindiari eta Udalari”.