Arrasateko erietxe honen azoka solidarioak helburu izan du bisibilizatzea “osasun mentalaren egoera, beharrak, pazienteen trebeziak,…”. Kontuan hartu behar da “gero eta buruko gaitz gehiago daudela”.
Gaur, urriak 10, Buru Osasunaren Nazioarteko Eguna dugu, eta Arrasateko San Juan de Dios Ospitaleak azoka solidarioa jarri du Seber Altuben.

Arrasateko San Juan de Dios Ospitalea Gesalibarren dago, eta bertako Terapia Okupazionaleko Errehabilitazio Zerbitzuak merkatu honen 2. edizioa prestatu du.
Unitate ezberdinetako 20 paziente inguru jarri dira jendaurrean, eta eurek egindako produktu edota (esku)lanak eskaini dituzte. Horretan, Terapia Okupazionaleko 7 langileren laguntza izan dute.

San Juan de Dios Arrasateko “herrigunetik kanpo dagoenez, herrigunera etortzen gara berau bisibilizatzera. Pertsona normalak gara, eta bizitzan pertsona batzuek beste batzuek baino bide eskasagoa dute, baina hemen gaude”.
Produktu ugari izan dira ikusgai, mintzagai eta erosgai: “Koadernoak, giltzatakoak, eskumuturrekoak, perfumeak, poltsak,… Baita paziente batek idatzitako olerki-sorta ere”.

Azokaren beste helburuetako bat izan da “norberak buruko osasunaren inguruan esateko daukana esatea, partekatzea”, “Osasun Mentalaren Mundu Eguna ikusaraztea, bere egoera eta bere beharrak” eta “pazienteen trebetasun eta trebetasunei balioa eta zentzua ematea, azaldutako eskuzko jardueren bidez”.
Azpimarratzekoa da ere lortutako dirua “Afrikako landa-komunitateetako osasun mentalaz arduratzen den Juan Ciudad proiektura bideratuko dela, zentro aitzindari batentzako”. Juan Ciudad Fundazioa San Joan de Dios Ospitalearen fundazio bat da.

Goiz eta eguerdian zehar “hainbat herritar azokara bertaratu dira, eguraldia lagun ez dugun arren, eta pazienteekin kaleko harremanak izaten ari dira. Gainera, salerosketa kopuru polita dago, eta honek ere pozten eta motibatzen gaitu”.
Aintzat hartu behar da “gaur egun gero eta buruko gaitz gehiago daudela”. “Egun hau egunero beharko luke, bisibilizazioa oso garrantzitsua baita, oraindik tabua delako. Ea horretan ere poliki-poliki inbertitzen den eta lantzen den”. Zorionak lanengatik! Animo lagunak!



