San Juan de Dios ospitalean ariko da Ad Hoc Oporretako Orkestra publiko guztiarentzat

0
2325

Herbehereetako taldeak kontzertua emango du Gesalibarren abuztuaren 11n. Bertako arduradunek azpimarratu dute halako ekitaldiek “artatutako pertsonen ongizate emozionala, parte-hartzea, inklusioa eta errekuperazioa” sustatzen dituztela.

Artxiboko argazkia: San Juan de Dios Ospitalea.

Datorren abuztuaren 11n, eta goizeko 10:30ean hasita, San Juan de Dios Gipuzkoako Arrasateko egoitzak udako kontzertu berezia hartuko du.

Hartara, Herbehereetatik etorriko diren hirurogeita hamar musikari inguruk osatutako Ad Hoc Oporretako Orkestra ariko da.

Guztira, taldeak zortzi kontzertu eskainiko ditu Euskal Herrian, X Proiektua izenburuarekin, “energiaz, aurkikuntzaz, abenturaz eta ustekabeko topaketez beteriko musika-bidaian”.

Orkestra hau bere “gogo biziagatik, interpretazio-kalitateagatik eta musika askotariko publikoengana hurbiltzeko duen gaitasunagatik da ezaguna”.

Arrasateko kontzertua ere “adin guztietako pertsonentzat pentsatuta dago, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik musika-ezagutzarik izatea; izan ere, esperientzia irisgarria, askotarikoa eta liluragarria eskainiko du”.

San Juan de Dios Gipuzkoako Arrasateko egoitzak horrelako kultura-ekimenen balioa azpimarratzen du, izan ere:

“Zuzeneko musika asistentzia- eta komunitate-ingurunera hurbiltzeko aukera ematen dute, topaketarako, ongizaterako eta parte-hartzerako espazioak sortuz”.

Ekimen hau, halaber, “San Juan de Dios Gipuzkoak osasun mentaleko arretaren humanizazioarekin duen konpromisoaren barruan kokatzen da”.

Kultura eta musika asistentzia-eremuetara hurbiltzeak “ingurune atseginagoak, irekiagoak eta komunitatearekin lotuagoak sortzen laguntzen du, artatutako pertsonen ongizate emozionala, parte-hartzea, inklusioa eta errekuperazioa sustatuz”.

Ad Hoc Oporretako Orkestrak musikak “pertsonak nola batu ditzakeen erakutsi nahi du: hirurogeita hamar musikari, helburu komun bat eta musika-bidaia ahaztezinaz gozatzera gonbidatutako publikoa”.

Gogoan izan emanaldia abuztuaren 11n izango dela goizeko 10:30ean eta Gesalibarko San Juan de Dios Ospitalean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen