Argazkia: MB artxiboa / Testua: San Joan Taldeko Bizilagunen Batzordea.
Udalbatzak aste honetan onartu du Udal-gobernuko botoekin (EAJ-PNV 8 eta PSE 3) eta oposizioaren abstentzioarekin (EH Bildu 7 eta Elkarrekin Arrasate 1) Hirigintza Batzordearen diktamin bat, San Joan Taldearen babeserako irizpideak jartzen dituena.
Udal-diktaminak, bere 4. puntuak dio “San Joan Taldeko Bizilagunen Batzordeak proposatuta”, auzo honentzat “eranskin modura gehitu da bere ondasun higiezinaren esku hartze araubide espezifikoa”. Beraz, agiri “osagarri” bat da, ez duena suposatzen inolako aldaketarik egungo katalogo historiko-arkitektonikoan jasotako eraikin kopuruan, ezta eraikin hauen babes mailan ere.
Gainera, Hiri-antolamendu Plan Orokorrak (gaztelerazko PGOU), 2016ko martxoaren 22an onartua, zerrendatzen ditu, 48-Garibai fitxa urbanistikoan, Egiturazko Antolaketaren 2 epigrafean, ‘babestu beharreko ondasun’ bezala, Zaldibarko frontoia, Union Cerrajerako Bulegoak eta San Joan Taldea.
Hau da, San Joan Taldeko Bizilagunen Batzordeak egindako agiri urbanistikoak ez du inolako garrantzirik, ezta eraginik ere, San Juan Taldearen babeserako irizpideei dagokienez. Eta ez da noski bizilagunen borondatezko proposamena.
Agiri hau Hirigintza Saileko arduradunen txantaia eta errepresalien emaitza da, mendekatzeko bizilagunak antolatutako oposizioa, Garibaitik San Joan Taldera sartzeko arkuaren eraisketaren aurkako oposizioa.
Udalak planteatu zuen arku hau botatzea Ekoboulevard Proiektuaren testuinguruaren esku-hartze osagarri bezala, Alfonso X ‘El Sabio’ enparantzan. Arkuaren eraisketa Udalak unilateralki erabaki zuen, aurrez bizilagunei ezer komunikatu edo informatu barik.
Udalak era gezurtian beretzat hartu zuen plaza honetako arkupeen titulartasuna, euren eraisketa gauzatzeko, 1.600 euro miserable ordainduz eraitzekoak ziren bi terrazetara sarbidea duten lehen solairuko bi etxebizitzei, ‘eskubideen azkentzea’ kontzeptua erabilita. Hau guztia, 10 urte lehenago, udalak berak San Juan Taldeko bizilagunak arkupe hauen konponketa ordainarazi zien, bide publikoa baina titulartasun pribatukoak zirelako.
Arkua eraistearen aurkako bizilagunen erantzunak, sinadura bilketan azaldu zena, udal-ordezkariei arkua eraisteko asmoa birpentsatzera behartu zituen. Bizilagunen desafioari udalak emandako erantzuna izan zen bertan behera uztea zuzenean Alfonso X El Sabio plazan proiektaturiko hobekuntza guztiak, besteak beste, peatonalizazioa eta jardinaren berriztatzea oztopo arkitektonikoak kenduz (egungo eskaloiak). Eta hori argudiatuz proiektaturiko esku-hartzeak ez duela helbururik aurrez ez bada arkua botatzen. Elementu arkitektoniko honek, PGOUk beraren babesa izateaz gain, arkitektoek eta adituek defendatu egin zuten ondare historiko-monumentalean.
Hirigintza Batzordeko lehendakariak, Ibon Arrupek, San Juan taldeko bizilagunei ‘matxistak’ izatea leporatu zien, arkuaren eraisketaren aurka egiteagatik, bere ustez emakumeen segurtasunerako ‘puntu ilun’ bat delako. Eta hori kontuan hartu barik, aipatutako arkua botata ere, beste 4 arkuk zutik jarraituko luketela Alfonso X El Sabio enparantzaren inguruan, hau da, ‘puntu ilun’ gehiago.
Hirigintza Batzorde barruko ‘indigestioak’, arkuaren defentsaren aldeko altxamenduaren ondorioz, San Joan Taldearen aurkako mehatxu eta errepresalia bihurtu ziren. Maria Ubarretxena alkatearen hitz onak izan arren. Bera harrotu egiten zen udalak beti herritarrei ahotsa ematen diela esanez, eta San Joan Taldeko bizilagunek adierazitako borondatea aintzat hartuz, ez zela arkua eraitsiko, eta ordea, kontuan hartuko zela auzoaren saneamendu sare zaharkitua hobetzeko eskaera. Nahi horrek aurrez aurre egiten zuen talka Hirintza Sailaren lehen erantzunarekin: San Joan Taldeko saneamendu sarearen hobekuntzak bizilagunei eurei dagokiela. Nolatan jarri zuten saneamendu publikoaren hobekuntza bizilagun partikularren bizkar?
Hirigintza Sailaren hurrengo errepresalia izan zen ‘bertan behera’ uztea disziplina urbanistikoa, hau da, aurreko mendeko 50. hamarkadan San Joan Taldea eraiki zenetik, auzoa zuzendu duena.
Ordutik, udalak beti zaindu izan du disziplina urbanistikoa betetzea, identitate arkitektonikoa mantentzeari dagokionez, kolore gorriko leiho eta leiho-ohol, fatxada zuri… bereziak. Ez zuen uzten obrek edota hobekuntza lanek berezitasun hau aldatzea.
Ezustean, udalak duela urte eta erdi erabaki zuen identitate arkitektoniko honen babesa soilik mugatzen zela San Joan Taldeko kanpoko perimetrora, eta auzoaren barrualdean onartzen zen bloke bat urdinez margotzea, beste bat gorriz, egurrarekin xaflatu eta beste bat berde koloreko lauzekin jarri.
Bizilagunen kontrako erantzunaren aurrean, udalak bizilagunen bizkar ere jarri zuen agiri urbanistiko bat idaztea, San Joan Taldea babesteko irizpideak zehazteko.
Derrigorrez ardura hau hartuta, egiazki Hirigintza Sailari dagokiona, bizilagunek topo egin zuten beste errepresalia batekin: agiri arkitektoniko hori tramitatu eta onartu arte, San Joan Taldeko obra lizentzia guztien eskaerak izoztea. Paralizazio honek urte eta erdi baino gehiago iraun du, eta kasu batzuetan kalte garrantzitsuak eragin ditu, adibidez igogailuak eraikitzeko proiektu batzuek, Eusko Jaurlaritzak onartutako diru laguntzak zituztenak, baina diru laguntza horiek iraungiko lirateke obrak epe zehatz batean hasi ezean.
San Joan Taldearen babeserako irizpideen dokumentu hau Hirigintza Sailari aurkeztu zitzaion, baina ia osorik zuzendu zuen. Azkenik eta Hirigintza Sailak agiriaren zati garrantzitsuenak ‘moztu’ zituen, eta ondorioz dokumentua hutsaren hurrengoan geratu da, eta soilik jasotzen ditu ateetako, leihoetako, balkoietako, esekilekuetako,… esku-hartze zehatzen inguruko alorrak.
Erabat salagarria da bizilagunei exijitzea dokumentu urbanistiko baten idazketaren ardura eta kostu ekonomikoa euren gain jartzea. Are mingarriagoa da gainera udalak pregonatzea ‘eskuzabaltasunez’ dokumentua onartu duela, baita tramitatu duela ere.
Udalak ez dio bizkarra eman eta ez du alboratu San Joan Taldeko bizilagunen dokumentua, obren lizentzien paralizazioa Eusko Jaurlaritza zuzenean kaltetzen ari zelako. Hori da arrazoi bakarra eta nagusia.
Etxebizitza sailak urtebete baino gehiago darama udal-lizentziari itxaroten, sindikatuen lehengo eraikinean 12 etxebizitza dotazional eraikitzen hasi ahal izateko, gazteei zuzendutako etxebizitzak. Udalak ezin zuen luzaroagoan ukatu obra-lizentzia hau, gainera, kontuan hartuta PNVren kanpainaren promesa bat dela.
Horregatik, eta ez beste ezergatik, lortu du San Joan Taldearen aurkako zigorra kentzea, udalaren aurka altxatu zen auzoa.