San Felipe Elkarlaguntzak adierazi du Ignazio Zuloagakoa kokapen “onena” dela

0
760

Hainbat bizilagun egitasmoaren aurka agertu dira, eta entitateak adierazi du bazkide horien ikuspuntua “ulertzen dugula”, eta proiektuko puntu batzuk aldatzeko prest legoke. Dena den, Batzar Orokorrean bi aukera egongo dira: “Proiektu hau onartu edo ez”.

Argazkia: MB artxiboa.

San Felipe Elkarlaguntzak iragarri du beilatoki berri bat proiektatu duela, eta hartara, bilera irekia egin zuen apirilaren 13an Kulturaten.

Zerbitzu hori Ignacio Zuloaga kalean jartzea aurreikusten du, eta asmo horrek aurkako jarrera eragin du bertan hainbat bizilagunen artean. San Felipek ere bere ikuspuntua azaldu nahi izan du.

Iñaki Aranburu lehendakariak azaldu du entitateak gutun bana bidali ziela Ignacio Zuloagako bazkide guztiei. Kaleko honetako “40 etxebizitzetatik 19tan gutxienez San Felipeko bazkide bat bizi da. Denera 28 bazkide bizi dira bertan”.

Gutun horrekin “gure asmoaren berri eman genien, hau da, beilatoki berri bat aurrera eraman gura genuela kale horretan, eta hurrengo batzarrak hori jorratuko zuela”.

Halaber, iragarri zien “gai honen inguruko hitzaldi bat egingo genuela apirilaren 13an Kulturaten, proiektuaren xehetasunak azaltzeko, eta bertaratzeko gonbitea egin genien”.

San Felipe Elkarlaguntzak adierazi du beilatokiaren eragin handiena jasoko lukeen komunitateko (Ignazio Zuloaga 2ko) komunitatean “10 etxebizitzetatik 7k gutxienez bazkide San Felipe Elkarlaguntzako bazkide bat dutela. Beraz, atari horretako %70ak gure gutuna jaso zuen”.

Entitateak zehaztu duenez, “7 etxebizitza horietatik bilera irekira joandako bazkideak 2 izan ziren”. Era berean, “4. atartean 2 bazkide daude, 6. atartean 5 bazkide eta 8. atartean 5”.

Bileran Ignazio Zuloagako bizilagunen “parte-hartze handiagoa espero genuen, bilerara Ignacio Zuloagako 19 etxebizitzetatik soilik 5eko ordezkariak etorri ziren”. 4 proiektuaren aurka agertu ziren, eta beste bat ez zen aurka azaldu”.

Bileran “bi eskaera edo kexa nagusi agertu zituzten: aparkalekuak eta espaloiaren erabileraren zailtzea. Bizilagun horiek bileran aipatu zutenez, ez da toki oso intimoa”.

Baina “zergatik izan behar du intimo? – galdetu du entitateko lehendakariak – Parrokia leku intimoan dago? Beilatokia ez du zertan toki baztertu batean egon”.

“Ulertzen dugu etxepean beilatoki bat egotea bizilagunen gustukoa ez izatea. Baina gustuko lukete taberna bat, Eroski bat, arrandegi bat,… izatea? Inori ez”.

Beste udalerri batzuetan ere bizilagunen kexak izan dira, eta demanda judizialak jarri dituztenean “epaitegiek tanatorioei eman diete arrazoia beti, Auzitegi Gorenak barne”.

San Felipe Elkarlaguntza prest agertu da proiektuaren aurka daudenekin “komunikatzeko eta ahal dugun neurrian proiektua egokitzeko, beilatokiak bizilagunen artean izan dezakeen eragina murrizteko”.

Ildo horretan, “ez daude erabat finkatuta beilatokiaren ateak non jarriko diren, beilatokiaren antolaketa zein izango den,… Adibidez, ez genuke arazo handirik izango pertsonen sarrera ezkerrerago jartzeko”.

Ondoko zebrabidearen kokapena “aldatzekoa da, eta gai zehatz honetan ere bizilagunen iritzia kontuan hartzekoa da”.

Proiektuaren helburuetako bat da “beilatoki oso eroso bat egitea, eta erabiltzaileak kalean egon ez daitezen, barruan 55 metro koadroko atarte zabal bat egitea aurreikusten dugu”. Izan ere, “guk nahi dugu ahalik eta eragozpen gutxien sortzea”.

Ordutegiari dagokionez, “taberna bat jarriko balute, seguruenik ordutegia gogaikarriagoa izango litzakte bizilagunentzat. Beilatokiarena, ordea, gutxi gorabehera goizeko 11:00etatik eguerdiko 13:00etara, eta arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara izaten da”.

Zerbitzu hau erdialdean jartzearen beste arrazoi bat da “beilatokiak etorkizunean agur ekitaldia hartzeko leku garrantzitsuenak izango direla, eta ez elizak, hau da, gaur egun ez bezala”.

Edo beste era batera adierazita: “Egun beilatokira batez ere familia eta lagunak bertaratzen dira, baina agur soziala gehienetan parrokian egiten da. Etorkizunean, 20 urte barru, ordea, gehienbat beilatokiek hartuko dituzte agur horiek, eta horregatik garrantzitsua da toki zentrikoan egotea”.

Nolabait ezkontzekin gertaturikoa gertatuko da: “Lehen ezkontzen %20 elizatik kanpo egiten ziren, eta orain %20 elizan egiten dira. Agur-ekitaldiekin antzeko zerbait gertatuko da seguruenik”.

Apirilaren 23an San Felipe Elkarlaguntzak Batzar Orokorra egingo du, eta Batzar Orokorrean bi aukera egongo dira: “Proiektu hau onartu edo ez, ez da beste proiektu alternatiborik izango”.

Izan ere, “hainbat alternatiba aztertu ditugu hilabeteetan zehar, eta ondorioztatu dugu hau aukerarik onena eta egokiena dela”.

Iñaki Aranburuk azaldu duenez “arauen arabera, inbertsioak egiteko erabakiak hartzea berez elkarteko Zuzendaritza Batzordeari dagokio. Baina uste dugu proiektu garrantzitsua eta eraginkorra dela, San Felipek orain arte tamaina honetako erabakirik ez du hartu. Horregatik erabakia Batzar Nagusira eramango dugu”.

“Areago, proiektua onartzeko botoen gehiengo kualifikatua beharko da, hau da, ez da nahikoa izango botoen %50’1 aldekoak izatea. Ehuneko ia 67 beharko da. Adostasun zabala lortu nahi dugu”.

San Felipe Elkarlaguntzako lehendakariak azaldu du erakunde honek 12.000 bazkide inguru dituela, eta horietako asko arrasatearrak direla. “Beilatoki horrek helburu soziala du, eta justifikagarria da herriaren erdialdean egotea”.

Erlazionatutako albistea:

Ignacio Zuloagako hainbat bizilagun beilatokia bertan jartzearen aurka azaldu dira

2021eko apirilaren 19an argitaratutako albistea

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen