San Balerioko harria: meatzgintza eta merkataritzaren hastapenaren lekukoa [Testua: Ramon Ugalde]

0
347

Irudiak: Ramon Ugaldek bidaliak.

CIL II 4947, horrela dago sailkatuta, letra eta zenbaki horiekin San Balerioko elizatxotik eramandako harria Saelicesko museoan.

Harri honen lehenengo aipamen idatzia Esteban Garibaik eman zigun, bere Compendio Historialean kontatzen digu Sant Valerioren izena idatzita zeukan harri bat zegoela Akeegiko elizatxoan eta jendeak debozio handiz pa ematen ziola harri horri. Gaineratu zuen bera jaio baino lehenago, 1500 urtean Juan Ortega Calahorrako obispoak bidai bat egin zuela Arrasatera zihurtatzeko ea egia zen bertan hilobiratuta zegoela San Balerio hori. Indusketa bat egitea agindu zuen baina igitai zahat bat baino ez zuen aurkitu eta ez zuen gehiago egin. Harria bakean utzi zuen.

1787an ordea Fray Jose Avilakoak San Agustineko mojen bikarioak salatu egin zuen harriori Nafarroako Inkisizioan: Descalgos jainko jentilari (paganoa)  eskainitako harri bat adoratzen ei zuten eta gainera harri dontzu horren inguruan egiten zituzten errituak onartezinak  zirenez Inkisizioak harria lurperatzeko agindua eman zuen.

Handik urte batzuetara, 1803an, Vargas Ponce bere kargutik apartatuta zegoen Espainiako Gorteko goi funtzionarioa Arrasatera etorri zen eta harria berrriz aurkitzeko peskizan hasi zen. Berehala esan zioten harria non zegoen eta lurpetik atera eta hurrengo urtean 1804ko urtarrilean Madrilera eraman zuen, izkutuan.

Halaber mondragoetarrek kontatu zioten Vargas Ponceri ze motatako kultua egiten zitzaion harriari: harria tenploaren barruan zegoen tela edo mihise batekin estalita. Elizan sartu aldarearen aurrean makurtu eta gero harriruntz zuzentzen ziren, gero harriari pa batzuk ematen zioten. Vargas Poncek ironiaz gaineratzen du, edo hala kontatu zioten bere informatzaileak buruko mina eta buru hausteak agian ez zirela sendatuko baina gutxienez burua hotziketako balio izango zuela.

Ondorioztatu dezakeguna da Garibairen denboratik, edo lehenagotik XVIII. menderaino harri horren inguruko kultuak modu bertsuan iraun zuela: mun ematen zitzaion, musukatu egiten zuten. Harriak adoratzeko ohitura oso zabalduta egon zen gurean. Bisigotuen Toledoko kontzilioko aktetan ere maiz salatzen zuten, baskoiok ez ginela benetako katolikoak harriak adoratzen genituelako.

Datu horiekin baieztatu dezakegu harri horri nolabaiteko kultua ematen ziotela denbora zaharreko mondragoetarrek.

Beste auzi bat da harri horretan dagoen idatziak zer dioskun:

Eta latinetik euskarara nola ekarriko genuke?

VALERIUS TIR(I)OK DIALCOREKIKO BOTOA BETE ZUEN ATSEGINEZ JARDUNEZ

Hau da Valerius Tir(i)ok Dialcori agindutakoa egin zuela, eta ahalegin hori gogoz egin zuela alegia. Valerius Tiroko eta Dialcoren arteko tratua harrian jasota geratu zen. Edo Dialco jainkoren bat zen eta jasotako mesederen bat eskertzeko?  Meatzen ustiakuntzarekin lotutako zerbait, nire ustez. Edo gehiagoko barik merkataritza tratu bati seriotasun gehiago emateko halako solemnitate erlijiosoz?

Hau da harritik paperera ekarrita XIX. mendean egin zuten irakurketa. Gaur egun agian letra guzti horiek ez dira agertzen, baliteke zerbait falta izatea. Zein da transkripzio horretan agertzen den  balizko SOL  horren esangura?

Idatzia latinez dago, dudarik gabe, baina hemen ez da azaltzen Garibaik aipatu zuen Sant Valerio-rik ezta Fray Jose Avilakoak salatu zuen Descalgos jainkorik ere.

Bi pertsonen aipamena egiten da harri honetan: Dialco eta Valerius Tir (i)o. Eta izenok zer esan diezagukete? Aztertu dezagun Dialco; izen honi gehien hurbiltzen zaion pertsona izena, nik aurkitu dudana behintza Ditalcon da. Tradizioak kontatzen digu Ditalcon izan zen Viriato traizionatu zuenetariko bat. Viriatok Erromaren aurkako borroka gogor bat zuzendu zuen Iberiar penintsularen hego mendebaldean kristo aurreko II mendean.

Historiak ere esaten digu Ditalcon turdetanoa zela. Turdetanoak Tartessosko zibilizazioaren ondorengoak ziren. Tartessos izan zen Kristo aurreko VI mendean Guadalkivir bailaran eta Portugal Hegoaldean garatu zen estatu bat. Tartessosen jatorria ez dago oso garbi baina nahiko frogatuta dago Mediterraneo Ekialdeko herri itsastarren eragina jaso zutela ( batzuk diote alderantziz izan zela) . Dena dela, Ekialdeko merkatari eta nabigatzaileek tartesikoekin hartu emanak izan zituztela frogatuta dago eta biak ere Atlantikoan zehar nabigatzen eta tratuan ibili zirela ere bai. Eta nortzuk ziren Mediterraneo Ekialdeko nabigatzaile eta merkatari famatuenak? Feniziarrak, jakina. Eta Tiro zen feniziarren ziudade ospetsuenetariko bat. Oraindik ere existitzen da.

Valerio izen erromatarra da, baina Valerius Tir (i)o izen nahastua, erromatar-feniziarra segurutik, izena erromatarra da baina bere abizenean jatorri feniziarra salatzen duena.

Esan bezala inskripzioa latinean dago, eta harri hau Erromatarren garaian idatziko zuten, baina agian izen horiek erakusten digutena zera da: Tartesiarrek eta feniziarrek errromatarren konkista gertatu baino lehen merkataritzan eta metalen ustiakuntzan jardun zutela Atlantikoan eta Bizkaiko golkoan. Eta geroago erromatarren menpean herri bertsuek edo euren ondorengo zuzenak zeregin bertsuetan jarraituko zutela. Turdetanoen erromatartzea ez zen konkistatuak izan eta  berehala gertatuko ezta feniziarrena ere.

Pertsona izen propioak aldatzen joateko eta erabat erromatarrak bihurtu arte belaunaldi batzuk pasatuko ziren. Ez dut uste Dialco hori inongo jainkorik izango zenik, are gutxiago jainko zeltiarra. Agian jainkotxotu egin zuten, kristautasunaren garaian Valerius ssantotu zuten moduan. Harrizko idazki hau kontratu bat bezala ulertu beharko genuke, Dialco eta Valeriusen artekoa: Dialcok zerbait eskatuko zion Valeriusi eta Valeriusek eskatutako bete egin zuen. Dialco abizenik gabe azaltzen da harrian, segurutik bere erromatartze maila txikiagoa izango litzateke Valeriusek ordea abizena jarri zuen Tiro edo Tirio, hau da erdi erromatartua bai baina bere jatorri feniziarraz ez zen lotsatzen.

Erromatarren konkistaren aurretik Tartessos eta Mediterraneo Ekialdeko herri itsastarrekin merkataritza harremanak izan genituela esatea ez da bidegabekeria bat.

Eta herri horiek, V. Tiro eta Dialco, nondik etorri ziren Meatzerrekara? Bada itsastarrak izanda itsasotik, Deba edo Mutrikutik zihur aski. Eta gurera zer ekarten zuten mearen trukea egiteko? Ez dakigu.

Baina kontuan hartu behar dugu Arrasateko azoka zaharrenak San Balerion egiten zituztela. Santo Tomaseko feria ospetsuak ere 1727-arte bertan egin ziren,”memoriarik gabeko denboratik”.  Zergatik ez ontzat eman feria horien jatorriaren froga serio bat San Balerioko harrian (tratu baten lekukoa) dagoela? Eta beraz ez zen inolako astakeria esatea feria horiek erromatarrak etorri aurretik egiten zirela.

Leku nahiko izkutua da San Balerio ingurua, ba datu honen harira gaineratuko nuke autore  batzuk diotena: hasiera batean, tribuak komunismo”primitiboan” bizi zirenean salerosketa egitea ez zen onartzen, gaizki ikusita zegoen. Zorioneko denbora hartan dena denona zen, dena konpartitzen zen eta komunitatearen zerbait saltzea eta irabaztea lapurretatzat hartzen zen. Eredu ekonomiko komunaletik jabetza pribatuan oinarritutako eredura pasatzearen froga bat izan daiteke. Beste denbora batzuk ziren, baina Euskal herrian orain dela gutxi arte “fenizio” irain bat izan da.

 Eta bestaldetik, datu hauekin, neurri batean Garibairen tesia indartuta aterako litzateke. Garibaik idatzi zuen  metalen lanketa, metalurgia Kantabriara ( Kantabria Garibairentzat Euskal Herria zen) Tubal, Kainen leinuko batek ekarri zuela. Gurera aurretik beste Tubal bat etorri zen Noeren ondorengoa, Uholde unibertsaletik bizirik irten zen patriarka. Tubal hori Asia Txikitik atera zen Mediterraneoa eta Gibraltarreko estugunea zeharkatu eta Euskal Herriko kostaldean lehorreratu zen.

Bi Tubal daude beraz, lehena Euskal Herrria eta Penintsula iberiarra jendeztatu zuena eta bigarrena Tubal-kain metalen ustiaketa gurera ekarri zuena. Horregatik pentsa dezakegu Meatzerrekako meategietara  itsasotik, Asia Txikitik etorritako herri horiek nolabaiteko aztarna utziko zutela herriaren memorian eta Garibaik, eta bere aurreko historialariek  gertakizun horiek Biblian jasotako datuetara moldatu zuela. Eta hala San Balerioko harriko izenen jatorri feniziar- tartesikoa onartzen bada  Garibairen Tubalen teoria nahiko koherentea izango litzateke. Eta guzti hori gutxi balitz Garagartzan Babilonia izeneko ola bat zegoen, zer gehiago behar zuen Garibaik Tubal Kainen etorreran sinesteko?

Harri hau Meatzerrekan landuko zuten,( hau frogatzeko harria bera aztertu beharko litzateke) eta denborarekin eta eraikin bateko orman txertatu. Geroago Euskal Herria kristautu zenean eliza bihurtu eta izena harrian bertan zutenez San Baleriori eskaini tenplua. Gehiago konplikatu barik. Elizatxo horretan gainera kristau liturgia eta errito paganoak (harrilatria: harrien kultua) nahasten zituzten. Konplejorik gabeko mondragoetarrak!

Harritxo horrek gure historia ezagutzeko ireki dezakeen bidea izugarria da.

Cuencan barik Mondragoen behar luke?                                                                                                       

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen