San Andresen 240 etxe gehiago egitea onartu du Plenoak, %25 alokairu sozialerako

0
1487

Elkarrekin Arrasatek salatu duenez Cordoba y Oroko parkea 3.600 metro koadro izatetik 2.000 izatera murriztuko da. Igor Urizarrek eta EH Bilduk gogora ekarri dute Arrasaten etxe huts asko daudela. EAJ-PNVek erantzun du proiektuak “legea betetzen duela”.

San Andresen Polmetasa zegoen fabrikan, ofizialki San Andres Berri esparrua deitutakoan, etxeak egiteko proiektua dago.

Proiektua egiteko Plan Berezia onartua du Udalak, eta gaur arratsaldeko Plenoak behin betiko onartu da, baina eztabaida sutsua izan da.

Elkarrekin Arrasatek gaitzetsi duenez, Plan Berezi hau “EAJ eta PSE alderdi politikoen mesedetan” egin da “arrasatear guztiona den ondasun publiko bat aprobetxatuz” eta “Kutxabanken etekinak potolotzeko”.

Kutxabanken sustatzaile inmobiliarioa, Harri Iparra, krisialdi ekonomikoan “prest dago inor erosiko ez dituen (edo ezingo dituen) 120 etxebizitza libre eraikitzeko, gaur saldu ezean, bihar espekulatu ahal izateko”.

Bien bitartean “galtzaileak betikoak dira: Arrasateko ondasun publikoa eta etxebizitza behar duten langile-familiak”.

PSEren inguruan gaitzetsi du “legealdi honetan PSEk proposamen bat ere egin gabe daramalako urte osoan. EAJri botoak saldu dizkio liberazioa eta seguraski beste eskupeko batzuen truk”.

Elkarrekin Arrasatek Udal-gobernuari egotzi dizkio “MUri ia 4 milioiko oparia egin nahi izatea, arrastearren kontura, eta Amenabarri ia 2 milioiko etekin extra eragitea, lurrak birkalifikatuz”.

Polmetasa zaharraren kasuan, “arrasatearren etxebizitza eskubidearen gainetik jarri da Kutxanbanken espekulazioa”.

EAJ-PNVk argudiatu izan du “horrelako erabakiak teknikoak direla, eta ez politikoak” baina Udal-gobernuak “eskumen politikoak ditu Etxebizitzaren arloan ere, eta ahalmena dauka horrelako proiektuak baldintzatzeko”.

Elkarrekin Arrasatek alokairu soziala lehenestea exijitu du, “628 norbanako eta familiak gutxienez Etxebiden izena emanda daudelako. Horrek suposatzen du 1.000 pertsonatik gora”.

Polmetasa Zaharreko proiektuak 240 etxeetatik laurden bat soilik bideratzen du alokairu sozialera. “Hau da zuen eredua eta politika”.

Elkarrekin Arrasatek proiektuari alegazioa aurkeztu zion, besteak beste, “etxebizitza guztiak alokairu sozialera zuzen daitezen, herritarren Etxebideko 628 eskaerei erantzuteko, aurrera pauso batzuk behintzat emateko”.

Alegazio honi Udal-gobernuak erantzun zion “erabakia ez dagokiola Plan Bereziari, baina hori hipokresia galanta da”. Elkarrekin Arrasatek aurkeztutako bigarren alegazioari erantzun zitzaion “nahi dutena egingo dutela”.

Hirugarren alegazioan alternatiba bat proposatu zuen: “auzokideekin batera lantzea, eraikitzekoa metro koadroetan mantenduz eta espazio publikoa areagotuko zue”.

Gaur egun Cordoba y Oro plazak 3.600 metro koadroko parke publikoa dauka, baina “PNV eta Kutxabanken proiektuan 2.000 metro koadrora murrizten da”.

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako alegazioak “4.000 metro koadro baino gehiago planteatzen zuen”.

Plan berezian eraikinen arteko distantzia 32 metro linealekoa da, eta “gure proposamenean 52 metrokoa zen”.

Alegazioko planteamenduak “auzotarrentzat hobekuntza errealak izango lirateke, baita etxebizitza berrietako bizilagunentzat ere. Oro har, alegazioei emandako erantzuna ezin nagiagoa, lotsagabeagoa eta arduragabeagoa izan da”.

Laugarren alegazioan Elkarrekin Arrasatek salatu zuenez Plan Bereziak “ez ditu legez dotazio guztiak betetzen”. “Kutxabanken planak 20 metro koadroko aparkalekuak proposatzen zituen, baina Udalak zuzenketa bat egin dio, gure alegazioaren ostean, eta 30 metro koadrokoak izan beharko dira”. Hori egiteko, Elkarrekin Arrasateren arabera, “Kutxabankek 225.000 € aurreztuko lituzke”.

Laugarren helegitean Elkarrekin Arrasatek planteatu zuen proiektua “auzotarrekin egitea prozesu partehartzaile batekin. Izan ere, euren eguneroko bizitzan eragina izango du 220 etxe bertan egiteak”.

Oro har, adierazi du “arrasatearren etxebizitza eskubidea eta etxebizitza eskaera kontuan hartu ordez, Gobernu honek espekulatzaileen alde egitea erabakitzen du, gutxieneko legeak betetzen dituela argudiatuz”.

EAJ-PNVeko Anuska Ezkurrak Elkarrekin Arrasateko ordezkari leporatu dio “diskurtso demagogikoa” izatea.

Halaber, eskatu dio San Andres berriko “gaian zentratzea”, eta gaurko erabakia “behin betikoa dela, aurrez behin-behinean onartu izan delako”.

Plan Bereziak bete behar du “Plan Orokorrak dioena eta HAPOak dioena. HAPO oso ona daukagu, 2011 eta 2012 artean ezker abertzaleak Udal-gobernu honetan izatean landutakoa, eragile askorekin”.

“Guk hor kokatzen dugu Arrasateko Hirigintza antolamendua”, eta “Plan Bereziak zehazten du antolamendu pribatu eta publikoa nolakoak izan behar duten. Biak legez bete behar dira”.

Planak “badauzka udal-teknikariaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Azpiegitura Sailaren, Ura Agentziaren eta Abiazio Zibilaren oniritziak”.

Anuska Ezkurraren arabera, Elkarrekin Arrasatek helegiteetan eskatutakoa “legez kanpo egitea da, irregulartasuna egitea”.

Alegazioei dagokienean, “bizilagun baten alegazioari erantzun dio Udalak, orain Planean ez dela zehazten” baina Udalak “kontuan hartuko” duela.

Gehitu duenez, “informazio guztia” jakinarazi da 2020ko urtarriletik Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, udal-webgunean, komunikabideetan eta auzokideen inguruan.

EAJ-PNVren ordezkariak gutxienez bederatzitan errepikatu du Plan Bereziak “legea betetzen duela”.

EH Bilduko Maider Morrasek adierazi du “noski Plenotik eta Batzordeetatik igarotzen diren diktaminek legea betetzen dutela. Baina, Elkarrekin Arrasatek adierazi bezala, legearen gutxienekoak soilik bete dira Plan Berezi honetan”.

Adierazi du “bestelako hirigintza bat” eskatu du: “Zuek promozio pribatu asko sustatzen ari zarete azken urteetan“, eta “ez dugu ikusten hirigintzan politika sozialik aplikatzen duzuenik”.

Eskatu du “herri honen beharren inguruko azterketa sakon bat, kontuan hartuta Arrasaten etxebizitza pilo bat hutsik daudela, hala ere etxebizitza pilo gehiago eraikiko dira”.

EAJ-PNVek erantzun du “3 urtetan zuek eragile ezberdinekin landutako Plana izango dela gure estrategia etorkizunera begira herri honen hirigintza planteamendurako”.

Era berean, “HAPOa zaharkituta geratu dela uste baduzue, gonbidatzen zaituztet Hirigintza Batzordean eskatzea beste hirigintza prozesu baten lanketa hastea. Bitartean, zuek landutako Plan Orokorrarekin jarraituko dugu”.

EH Bilduk erantzun du “HAPOaz gain badirela beste azterketa batzuk, hutsik dauden etxeen ingurukoa, besteak beste. Datu hauek zaharkituta geratu dira, ez HAPOa”. Orokorrean “gure hirigintza politika ez da zuek egiten duzuen hirigintza politika”.

Elkarrekin Arrasatek salatu du Udal-gobernuak “1.000 arrasatear baino gehiagoren etxebizitza eskubidea urratzen duela behin eta berriz. Guri legea urratzen gabiltzala esaten diguzu, baina estatu espainiarrean ustelkeria kasu gehien dituen 3. alderdia zaretenez, gorde lezio horiek beste baterako”.

Jakitera eman du Plan Orokorrak markatzen duen gutxieneko etxebizitza sozialen kopurua onartu duela Udal-gobernuak. “Aurkeztutako alegazioetako bat ere ez da ilegala”.

Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak iragarri zuenez, “2020tik aurrera eraikitako etxebizitza guztiak alokairu sozialera bideratuko zirela. Hori dio zuen EAEko Gobernuko Etxebizitza Planak”.

EAJ-PNVek erantzun du “EAJ eta alderdi sozialista herri honetara herrigintza egitera, politika egitera gatozela. Zuek ordea zatozte oztopoak jartzera”.

Elkarrekin Arrasatek erantzun dio “herrigintza egitea da etxebizitza politika sozialaren alde pausoak ematea. San Andresko Plan Berezian hori egiteko aukera zenuten”.

EAJ-PNVk erantzun dionez “Plan Berezian ez da legalki zehazten alokairu sozialeko etxebizitzen kopurua. Hori hurrengo pausoan zehazten dela. Diskurtso hori beste batean egin ezazu”. Bozketako emaitza:

  • Aldeko botoak: 12 (EAJ-PNV eta PSE)
  • Abstentzioak: 8 (EH Bildu)
  • Aurkako botoa: 1 (Elkarrekin Arrasate)

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen