San Andres barruko bidegorria egin da, Uribarri-Sanan-Erdialdea lotuz

0
558

Bukatu berri dituzte auzo honetako Leintzibar, Bañez Doktorea eta Kurtzetxiki kaleetako bidegorri zatiko obrak. Horrek ondorioz, errepide zati bat bi norabidekoa jarri da, zehazki, Alfonso VIII eta Errebuelta kaleen arteko zatia.

Mapa: Udala.

Obrak egiteko Udalak Construcciones Egurki Eraikuntzak SL kontratatu zuen, eta lanen truke 316.566’65 € ordaintzekoa zen (BEZ barne), 261.625’33 € BEZ barik.

Obrak apirilaren amaieran hasi ziren, eta bere helburuetako bat zen Araba etorbideko bidegorria eta Alfonso VIII etorbidekoa elkartzea.

Hortaz, zati berria Leintzibar kaletik, Bañez Doktoreko kalearen zatitxo batetik eta Kurtzetxiki kaletik igarotzen da. Denera 160 metro luze da.

Honi esker, gaur egun bidegorritik zirkulatu daiteke Uribe auzotik Gipuzkoa etorbidera, hau da, Uribarri, San Andres eta Erdialdea lotzen ditu.

Bidegorria egiteak zenbait aldaketa eragin ditu: guztira, Leintzibarren eta Kurtzetxiki kaleetan autoek aparkatzeko 13 plaza inguru kendu dira:

Beste aldaketa bat da orain bi norabidekoa dela Alfonso VIII kalearen eta Errebuelta kale inguruaren arteko errepide zatia. Lehen norabide bakarrekoa zen.

Gainera, orain Kurtzetxiki kaletik ezin da kotxez Errebuelta kale ingurura errepidetik zuzenean sartu. Beraz, Errebuelta kalera eta Garro Jenerala kalera autoz sartzeko, Alfonso VIII-tik sartu behar da.

Aldaketa horren arrazoia, Udal-gobernuak azaldu izan duenez, “sartu-irtenak erosoagoak eta seguruagoak izatea da. Horren arrazoietako bat da Bedoñabe ondotik (Bañez Doktorea kalean) trafiko gutxiago zirkulatuko duela”.

“Kontuan hartzekoa da inguru honetan bi ikastetxe daudela, Bedoñabe Herri Eskola eta Arizmendiko gune Arimazubi”.

Udalak San Andresko inguru honetako bizilagunekin gutxienez bilera bat egin du. Bizikletentzako aparkalekuez galdetuta, alkateak erantzun izan du “Udalan bagabiltzala herrian aparkaleku estaliak jartzeko toki egokiak aztertzen”.

Obretatik gaur goizean baieztatu digutenez, margotze lanak amaituta, bidegorri zati berria erabilgai dago.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen