Xavier Varteniuc-ek zilarra eskuratu du, eta Irati Izurrategik zein Aitor Madinabeitiak brontzeak, Gasteizen jokatutako txapelketan. Bertan ere estatu mailako alebinen lehiaketa jokatu da, Aratz Larrañagak brontzea lortuz. Klubak baloratu ditu “azken hilabeteetan entrenamentu gogorrak” egin dituela eta “lortutako emaitzak sekulakoak izan direla”.
Argazkiak: Saioa Karate Kluba.
Aurreko ostiralean eta larunbatean, hau da, ekainaren 5 eta 6an, Gasteizek hartu du KWFeko (Kyokushin World Federation-eko) 2. Munduko Kopa. Baita estatu mailako alebin kategoria ere.
Ekitaldia Yin-Yang kluba antolatu zuen bere 50. urteurrenean, eta 20 herrialde ezberdinetako 500 kirolari inguru elkartu zituen. Mendizorrotza pabilioian denera Arrasateko 10 karateka izan ziren.
Ostiralean parte hartu zuten:
- Aratz Larrañaga, Katako 10-11 urteko alebinetan, eta Kumiteko 35 kiloz azpiko alebinetan
- Udane Gorostiza, Katako 12-13 urteko infantiletan, eta Kumiteko 50 kiloz azpiko infantiletan
- Aratz Larrañaga, Katako 12-13 urteko infantiletan
- Juan Salazar, Kumiteko 14-15 urteko eta 60 kiloz azpiko jubeniletan
- Irati Izurrategi, Kumiteko 16-17 urteko eta 55 kiloz azpiko juniorretan
- Leire Valor, Katako seniorretan
- Esther Gomez, Katako master 1ean, 40-49 urte
Larunbatean 21 urtez azpikoen eta seniorren txanda izan zen, eta parte hartu zuten:
- Xavier Varteniuc, Kumiteko 21 urtez azpiko eta 70 kiloz azpikoetan
- Iosu Madinabeitia, Kumiteko senior eta 70 kiloz azpikoetan
- Aitor Madinabeitia, Kumiteko senior eta 70 kiloz azpikoetan
“Lortutako emaitzak sekulakoak izan dira”, Saio Karate klubak baloratu bezala, “honelakoa bezalako maila hain altuko txapelketa batean”.
Arrasateko karatekek “maila izatea erakutsi dute eta kanporaketetan oso ondo borrokatu dute. Denera 2 bigarren posturekin eta 3 hirugarren posturekin itzuli ginen”.

Aratzek Kumitean “ligaxka oso parekatu baten ostean”, espainiar estatu mailako txapeldunordea izan da, eta Katetan, finalera hirugarren nota onenarekin sailkatu ondoren, postu horri eutsi zion, eta 3. postua lortu zuen” estatu mailan.
Udane Katetan “finalera sailkatzear izan zen, eta Kumitean borrokaldi on bat egin zuen arren, ez zuen garaipena lortzerik izan, erabaki arbitralaren ondorioz. Lan ona Munduko Kopan”.
Aetzek ez zuen finalera sailkatzerik izan “Kata on bat egin zuen arren”.
Juanek “borrokaldi ona egin zuen, baina ez zuen aurrera egiterik izan, jasotako penalizazioen eta bi puntuen ondorioz”.
Iratik “lehen txandan irabazi zuen poloniar lehiakidearen aurka, bi rounden ondoren eta gehiengoaren erabaki arbitralaren ondorioz. Finalaurrekoan Suitzako lehiakide zuen aurrean, eta borrokaldia parekatua izan bazen ere, galdu zuen, eta Munduko Kopan 3. postua” lortu zuen.
Leirek “Katen finalera sailkatzea lortu zuen, eta bertan Kata on bat eginda, 5. postuan amaitu zuen, podiumetik 0’5eko puntuaziora. Sekulako lana egin zuen podiumera igotzea izan ez bazuen ere”.
Estherrek “lehen kata on bat egin zuen baina ez zuen finalera sailkatzerik izan, finaletik soilik 0’3ko” puntuaziora geratuz.
Xavierrek “sekulako txapelketa egin zuen, eta lehen txandan frantziar lehiakidearen aurka, 3 rounden ostean, K.O.a lortuta”. Finalerdian espainiar lehiakide bati aurre egin zion eta “bigarren roudean puntuengatik irabazi zion. Finalean poloniar lehiakide gogorrari egin zion aurre, eta final ona egin zuen, baina ez zuen irabazterik izan”, Munduko Kopako txapeldunordea izatea lortuz.
Iosuk espainiar lehiakide baten aurka borrokatu zuen lehen txandan eta “bi rounden ostean galdu zuen erabakiaren ondorioz. Lan ona egin zuen txanda gainditzerik izan ez zuen arren”.
Aitorrek, lehiaketako beste multzo batean izanda, “Herbehereetako lehiakidearen aurka irabazi zuen 3 roundetan”. Bigarren txandan espainiar lehiakide baten aurka borrokatu zuen “lehenago bukatu behar zuena, baina erabaki arbitralaren ondorioz 3. rounda ere jokatu zen, azken hau ere irabaziz”. Finalerdietan espainiar estatuko beste lehiakide baten aurka “galdu zuen eta Munduko Kopako hirugarren” izatea lortu zuen.
Laburbilduz “zorionak guztioi lortutako emaitzengatik. Entrenamentu gogorrak egin dira azken hilabeteetan txapelketa hain garrantzitsu hau prestatzeko, eta denek maila eman dute, dominak borrokatzetik hurbil eta daukaten maila handia erakutsi dute”. Bai horixe, zorionak!





