Saioa Karate Klubak nazioarteko txapelketan emaitza onak lortu ditu

0
596

Danel Izurrategik urrezko eta zilarrezko domina bana lortu zituen, eta Irati Izurrategik brontzezko domina. Xavier Varteniuc eta Julen Bermejok ere lan ona egin zuten.

Argazkiak: Saioa Karate Kluba.

Aurreko asteburuan Kantabriako Soto de la Marinan (Santa Cruz de Bezanan) Nazioarteko I. Costa Quebrada Lehiaketa jokatu zen.

“55 klub baino gehiagok parte hartu zuten – azaldu du Carlos Sánchez irakasleak – probako maila altua izan zen, eta Arrasateko Saioa Karate Klubaren ordezkaritza txikiak neurria eman zuen”. Kantabriar lurraldeetara guztira 4 karateka gazte joan ziren:

  • Irati Izurrategi: nesken jubenil mailako kumitean, 47 kiloz azpikoan
  • Xavier Varteniuc: mutilen kadete mailako kumitean, 57 kiloz azpikoan, eta kadeteko openean
  • Julen Bermejo: mutilen kadete mailako kumitean, 57 kiloz azpikoan, eta kadeteko openean
  • Danel Izurrategi: mutilen kadete mailako kumitean, 63 kiloz azpikoan, eta kadeteko openean

Emaitzak ondorengoak izan ziren:

Iratik 3. postua lortu zuen bere kategorian, izan ere, finalerdietan galdu zuen txapelketako irabazlea izango zenaren aurka.

Xavierrek ezin izan zuen brontzezko domina lortu 57 kiloz azpikoan eta open kategorian. “Pena izan zen dominarik ez irabaztea, lan ona egin baitzuen”.

Julenek ezin izan zuen goiko posturik lortu, “baina borroka onak egin ditu datozen helburuei begira”.

Danelek bere pisuan (-63 kilo) “txapelketa ona egin zuen baina finala gutxiagatik galdu zuen, kategoriako faboritoaren aurka 2-0 galdu ostean, eta zilarrezko domina lortu zuen. Open kategorian emaitza hobea lortu zuen, izan ere, txapelketa handia egin ondoren, lehen postua lortu zuen merezimendu osoz”.

Oro har, denboraldi honetako maila altuko bigarren lehiaketa izan da, izan ere, duela bi asteburu Argande del rey-koan (Madril) parte hartu zuen Arrasateko klubak.

“Esperientzia hauek guretzat baliagarriak dira erritmoa hartzen joateko datozen ekitaldiei begira, urrikoak eta azarokoak. Helburu dugu Euskadiko txapelketara ahalik eta ondoen heltzea, azaroaren erdialdean jokatuko dena. Guztiek lan ona egin dute, eta espero dugu progresio honekin jarraitzea emaitza handiak lortzen jarraitzeko”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen