Sagarra protagonista hirugarren zapatuko bertako produktuen azokan

0
385

Hileroko postuez gain, ekoizle bat bertako hainbat sagar barietate saltzen egongo da. Anne Otegi sukaldaria ere bertan izango da, sagarra osagai gisa erabilita hiru errezeta egiten eta herritarrek saioa zuzenean ikusteko aukera izango du, baita, noski, bertako produktuak erosteko ere.

Testua eta kartela: Arrasateko Udala. Argazkia: MB artxiboa.

Ohiko moduan, Arrasateko Udalak bertako produktuen azoka antolatzen du hilaren hirugarren zapatuan, eta azarokoa ikasturteko bigarren azoka izango da, hilaren 21ean egingo dena, beti bezala, Seber Altube plazan.

Hilero egin ohi den moduan, sasoia probetxatuz, bertako produktu bat izaten da protagonista eta oraingoan, sagarrari dagokio. Hori horrela, hileroko postuez gain, oraingo honetan hainbat sagar barietate izango dituen ekoizle bat izango da azokan.

Era berean, hileroko postuei beste bi ekoizle ere gehituko zaizkie hilaren 21ean: Errioxako ardoa eta Belaze baserriko produktuak (kontserbak, esnekiak…).

Sagarra oinarri izango duten hiru errezeta ikusteko aukera zuzenean

Tokiko eta garaiko produktuez harago, arrasatearrek aukera izango dute showcooking saio batez gozatzeko (sukaldaritzako erakustaldia). Izan ere, Anne Otegi sukadaria bertan izango da sagarra osagai gisa hartuta, hiru errezeta sukaldatzen. Hilaren 21eko zapatuko azokan, beraz, herriko zein eskualdeko ekoizleen produktuak erosteaz gain, herritarrek zuzeneko sukaldaritza saioaz gozatu ahal izango dute.

Azokari amaiera biribila emateko, gainera, 13:00etan 10 otar zozketatuko dira, sagar produktuekin osatuta. Zozketa azokako bezeroen artean egingo da.

Azokaren helburu nagusia da babesa eta bultzada ematea herriko eta bailarako bertako produktuei eta ekoizpen sistemei, eta indartzea tokiko produktuen kontsumoa.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen