Arrasateko lagun honek emakumezko Mondraren lehen taldea sortu zuen, Sanjoanetako mus txapelketa 23 alditan antolatu zuen, emakume ugariri musean irakatsi zien,… Horregatik guztiagatik, Arrasatek, esker onez, omendu izan du.
Roman Lopez Rubio arrasatearrak ekimen ugari eraman zituen aurrera, bere izaera animosoa eta ekintzailea baliatuta.
Esate baterako, Romanek Arrasateko emakume ugariri musean jokatzen irakatsi zien Erdiko Kaleko lokal batean. Hori eskertzeko, bere ikasleek omenaldia egin zioten 2012ko urtarrilaren 22an.
Emakumeen futbola ere sustatu zuen, iaz utzi gintuen Rosa Otaduy ‘Katanga’rekin batera. Mondraren lehenbiziko emakume taldea sortu zuten, eta hori eskertzeko, klub zuri-moreak bi lagun hauek omendu zituen 2011ko urriaren 2an.
Arrasate hobetzeko asmoz ere, 2011ko Udal-hauteskundeei begira, herri-ekimen bat abiatu zuen herrikide batzuekin batera, Mondra-Arrasa izenekoa, herritarrei hainbat hobekuntza proposatuz.
Gainera, San Joan Jaietako Mus Txapelketa 23 alditan antolatu zuen, Unai semearekin eta gertukoekin batera, parte-hartzaile ugariko lehiaketa esku zabal bihurtuz.
Roman, baina, gaixotasun luze baten ostean, 84 urterekin, gaur zendu da bere sorterrian bertan. Goian bego Roman, gurekin bego. Doluminak Mondraberriren partez familiakoei eta lagunei.
Beila zabalik dago Arrasateko Tanatorioan gaur (osteguna) 17:00etatik 20:00etara, eta bihar hala egongo da 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era.
Bere aldeko hileta-elizkizuna bihar izango da arratsaldeko 19:00etan San Joan Bataiatzailearen parrokian.