Formakuntza emateko, Udalak presazko esleipena ireki du, eta beraz, basogintzan formakuntza emateko interesa duten enpresek euren proposamena Udalari aurkez diezaiokete jada.
Argazkia: MB artxiboa.
Eusko Jaurlaritzako Lanbide agentziak 763.000 € gehiago bideratuko ditu pertsonak lan-munduratzeko proiektuetara.
Egitasmo horietako bat Arrasateko Udalarena da, eta langabe dauden gure herriko 10 pertsona lan-munduratzea du helburu.
10 hautagaiak RGI (euskarazko Diru-sarrerak bermatzeko Errenta, DBE) edo IMV (euskarazko Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera, BGD) dirulaguntzen onuradunak izan behar dira.
Egitasmoa uztailaren 21ean onartu zuen Udal-gobernuak, eta presazko esleipena ireki zuen.
Udalak zehazki kontratatu behar ditu “basogintzari buruzko enplegu-formakuntza programa bat aurrera eramateko formazio, orientazio eta obra zuzendaritza zerbitzuak”.
Horren truke, zerbitzu profesional horiek eskainiko dituen enpresari ordaintzeko, Udal-gobernuak 131.028 euroko aurrekontua onartu zuen (BEZ barik).
Honezkero zerbitzuak emateko interesa duten enpresek euren proposamena Udalari aurkez diezaiokete.
Kontratuaren iraupena 12 hilabetekoa izango da, eta egitasmoaren izena ‘Basolan’ dugu. Berau garatzeko diru guztiaren %77’4 Lanbidek jarriko du, eta %22’6 Udalak.
Egitasmo honek helburu ditu 10 langabeak “epe motzean lan-merkatu arruntean sartzea”, euren “laneratzeko aukerak hobetzea epe ertain-luzera” eta “Udalaren ardurako espazio naturalen mantenua eta hobekuntza egiten laguntzea”.




