Argazkia: Real Sociedad
Mondraren harrobiak harribitxiak ematen jarraitzen du eta larunbatean Mojategin hazitako futbolari berri batek, Peru Larrañagak, futbol profesionalean debuta egin zuen Realaren B taldearekin. Erdiko atzelari arrasatearrak Ansotegirenek Andorraren aurka jokatutako azken 27 minutuak jokatu zituen Iker Roperoren ordez zelairatuta eta bere aletxoa jarri zuen txuri-urdinen garaipenean (1-3).
Lehen taldean bere posizioan egondako hutsuneek aukera bat ireki zioten Arrasateko futbolariari bigarren taldean minutuak izateko eta bikain probestu zituen. Larrañagak 17 urte baino ez ditu eta azken hilabeteetan sekulako hazkundea izaten ari da, kontuan izan behar baita urtarrilean egin zuela Realaren hirugarren taldearekin debuta, Leioaren aurkako azken ordu erdia jokatuta. Abenduaren 8an 18 urte egingo dituen gazteak etorkizun handia du aurrean, baina pausuak banaka eman beharko ditu.




