“Reala, 65/66ko Mondra ikustean, ohartu zen jokalari oso onak zeudela Gipuzkoa osoan”

0
821

Mahai-inguruan ere azpimarratu da “erreminta oso garrantzitsua dela haurrek klubarengandik eta gurasoengandik jasotzen dituzten mezuek bat-egitea”. Ekitaldian ere ‘Mondra. Una temporada y tres futbolistas’ liburua aurkeztu zen.

Goiko argazkia: Josemari Velez de Mendizabal.

Atzo arratsaldean Josemari Velez de Mendizabalek eta Jose Ignazio Zaitegik egindako ‘Mondra. Una temporada y tres futbolistas’ liburua aurkeztu zuten Kulturaten.

Bertan parte hartu zuten ere liburuko hiru protagonista nagusienak: Jesus Aranbarri, Javier Larrauri eta Jon Sagasta. Mahai-inguruan ere klubeko Ander Romerok parte hartu zuen.

Hirurek euren esker ona agertu zuten, eta liburua jada eskuragarri duzue Jose Ignazio Zaitegirekin harremanetan jarriz gero.

Aipatzekoa da ekitaldian ezin izan zutela parte hartu Mondrako zuzendariak gaixo zegoelako eta lehen taldeko entrenatzaileak, senide bat hil baitzaio. Goian bego lagun hau eta animo errekuperazioan zuzendariari.

Gainera, ekitaldia Reala eta Monakoren arteko partiduaren ordu bertsuan izan zen, eta nahi baino pertsona gutxiago elkartu ziren Kulturaten.

Hala eta guztiz ere, ekitaldiak aurrera egin zuen eta 1965/66 garaiko eta egungo baloreak izan zituzten hizpide Jesus Aranbarrik, Larraurik eta Ander Romerok, Velez de Mendizabalek mahai-ingurua gidaturik.

Klub zuri-moreko kirol-zuzendariak, Ander Romerok, egungo egoeraren berri eman du, eta beste hainbat ideiren artean, nabarmendu du “erreminta oso garrantzitsua dela haurrek klubarengandik eta gurasoengandik jasotzen dituzten mezuek bat-egitea”.

Emakumeen futbola ere hizpide izan zuten, eta mahai-inguruak azpimarratu zuen nesken “maila altua eta balore gehiago dituztela”. Halaber, gaitzetsi zuen egun “oraindik azpibaloratuta dagoela”.

Aranbarri eta Larraurik adierazi zuten “Reala hasieran Donostia inguruko, eta Donostiatik Tolosa arteko jokalariak soilik fitxatzen zituela. Baina 1965/66ko Mondra ikusi gintuenean, ohartu zen Gipuzkoa osoan jokalari oso onak zeudela”.

Azpimarratzekoa da ere Mondrak hiru futbolari ohiei harrera egin ziela Mojategin atzo arratsaldean, eta haurren entrenamenduak bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten. Futbolari ohiek klub zuri-moreak egiten duen lana baloratu egin zuten: “Mondrak lan oso ona egiten du”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen