Goienagusik antolatuta, Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradunak hainbat behar plazaratu ditu: “Komunikazioaren Lege Orokorra, euskararen aldeko apustu sendoagoa, gaika antolatutako EITB, agintariek benetako borondatea izatea, bigarren multiplex bat,…”.
Goienagusi elkarteak abian jarri du ikasturte honetako egitaraua, eta gaur goizean hitzaldi jakingarria izan da Kulturaten.
Herritar ugari bertaratu dira Ramon Zallo Elgezabal (Gernika, 1948) adituaren ondorengo hitzaldia jarraitzeko:
‘Euskal sistema kultural-komunikatiboaren diagnosia aro digitalean’. Ramon Zallo Elgezabal curriculum luzekoa da:
Ekonomian (1970) eta Zuzenbidean (1971) lizentzaitua. Informazio Zientzietan doktore. EHUko irakaslea da 1978tik, eta egitura, ekonomia eta ikus-entzunezko, kulturako eta komunikazioko politiketan espezializatu da.
Baita Ikus-entzunezko Komunikazioko katedradun UPVn (1994-2018) eta Katedradun emeritua 2019tik ere. Ideia ugari plazaratu ditu, tartean gaur egungo sistemak dituen beharrak, besteak beste:
Euskal sare kultur-komunikatiboak “integrala, multimedia eta elebiduna (baina batez ere euskalduna) behar du izan, behetik nahiz goitik indartsua”.
Horretarako, “erakunde publikoek garrantzi handiago eman beharko liokete gai honi” eta “Industriaren eta Berrikuntzako alorraren telekomunikazioen garapena”.

Bide honetan, Euskararen aldeko akordioak behar dira “Nafarroan batez ere eta euskarazko hedabideen alde gehienbat”. Etorkizunari begira, “beharrezkoa da bigarren multiplex bat izatea TDTan. Helburuetako bat Herria eraikitzea da, adoktrinamendua baztertuz, baina Kulturari behar besteko bultzada emanez”.
Ramon Zallo kritiko azaldu da egungo hedabideekin: “Oraingoz hedabideak oro har kulturarentzat oztopo dira”, eta testuinguru honetan “Euskarak behar luke izan gazteen hizkuntza nagusia sare sozialetan”.
Alor kultur-komunikatiboa sareari behar besteko garrantzia eman, “adibidez behar besteko aurrekontu publikoak bideratuz, horrela sustatuko baitira genialtasuna eta berau jendartean zabaltzea”.
Beharrezkoak dira ere “online hedabide independenteak sustatzea eta ikus-entzunezko eskuduntza osoa aldarrikatzea”. Izan ere, espainiar gobernutik diru laguntzak jasotzeak etorkizunera begira kaltegarria izan daiteke.
Adituak azpimarratu du ere alor honetako “sorkuntzetara sarbide publikoa izatea. Gobernantza behetik gorakoa izan behar du. Ikus-entzunezkoen Kontseilua sortzea oso garrantzitsua da, baita Kultura Sailari izena aldatzea ere, ‘Kultura eta Komunikazio Saila’ izendatuz.
Bide honetan, “EITB ez litzateke kateetan antolatu beharko, gaika baizik”. Aldi berean, “nazioartekotzeari heldu behar zaio, bisibilitatea handitzeko”.
Ramon Zallok ere ezinbesteko ikusten ditu “Komunikazioaren EAEko Lege Orokor bat egitea (30 urte igaro dira eta ez dira etxekolanak egin), Kontseilu Orokor bat eratzea, Plan Estrategiko bat aplikatzea, Erabiltzaileen Eskubideen inguruko Legebiltzarraren Adierazpen bat plazaratzea”.
Balizko aurrera pauso hauek ez dira ematen agintariek “uste baitute ez direla gai izango. Borondate politiko falta dago, agintarientzat 4 urtean behin hauteskundeetan aukeratzen badituzte, eurentzat hori nahikoa da, Herriaren benetako beharrekiko urrun”.
Ramon Zallok gaur Kulturaten adierazitako ideiak hainbat argitalpenetan ezagutzera emanak ditu, eta Interneten kontsulta daitezke.