Eguneko baraualdiari amaiera emateko, ‘iftar’ izeneko otordua egiten duten musulmanek. Atzo otordu hori nolakoa den azaldu zieten bertaratu ziren herrikideei. Bidenabar, atzo Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Eguna izan genuen.

Arrasateko musulmanak ere Ramadana egiten ari dira, eta testuinguru honetan, IMME elkarteak ekitaldia antolatu du.
Emakume musulmanak euskal gizartean integratzeko elkarteak (IMME) antolatutako ekitaldia Biterin ospatu zen atzo iluntzean.

Elkarteko Djamila Zereiby eta Malika Mahamud kideek azaldu zuten ekitaldiaren helburua izan zela “Arrasateko jendeak bisualizatzea nolakoa den iftar otordua”.
“Otordu honek Ramadaneko eguneko baraualdiari bukaera emateko balio du, eta iluntzean egiten da”.
Azken egunetan IMMEk otordu honetarako gonbidapena zabaldu du jendartean, eta doakoa izan zen.

Elkarteak gogora ekarri zuen atzo, martxoaren 21ean, Arrazismoaren eta Xenofobiaren Aurkako Eguna izan zela.
IMME pozik azaldu zen Ramadanaren otordu hau “jende askorekin partekatzen ari garelako”.
Ildo honetan, “jende askok Ramadanaren inguruan hitz egiten du, baina ez du inoiz holako otordu bat ikusi, eta ekitaldi honek gura du plazaratzea”.

Eguneko baraualdiari amaiera emateko “saldatxo bero bat hartzen da eta joki gozo apur bat jaten da, eta geroago afaria egiten da”.
Kontuan hartu behar da atzo Ramadanaren 10. eguna izan zela, eta IMMEk azaldu zuen nolabait Ramadanak hiru fase izaten dituela:

“Lehen 10 egunak nahiko azkar igarotzen dira, hurrengo 10ak astunagoak egiten dira, eta azken 10 egunak ‘astoarenak’ izaten dira”.
“Ramadanak pertsonok purifikatzeko balio du, eta azterketa batzuek ondorioztatu dute baraualdia osasungarria dela”. Ramadan Kareem! Ramadan Mubarak! Ramadan zoriontsua!




