Radar COVID aplikazioa, kutsatuen kontaktuak arakatzen dituena

0
1113

Aplikazioak ez du geolokalizazioa erabiltzen, eta ez du erabiltzaileen daturik jasotzen. Eskuragarri dago jada, baina ez da guztiz erabilgarri egongo irailaren 15era arte.

Radar COVID aplikazioak koronabirusarekin kutsatzeko arrizkuaz ohartaraztea du helburu, gaitza zabaltzea sahiesteko asmoz. Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Espainiako Idazkaritzak sortu du telefono mugikorrentzako prestatuta dagoen aplikazio ofizial hori, eta milaka erabiltzaile ditu jada.

Zehazki, zerbitzu horrek telefono mugikorren bluetooth konexioa erabiltzen du, eta erabiltzaile batekin bizpahiru metro baino gutxiagora kontaktua izan duen pertsona batek 14 eguneko epean gaitza atzemateko detekzio-proban positibo eman ote duen jakinarazten du.

Dena dela, aplikazioak ez du geolokalizazioa erabiltzen, eta ez du erabiltzaileen daturik jasotzen; izan ere, ausazko zenbakiak esleitzen dizkie haien borondatez instalatzen duten herritarren telefono mugikorrei. Ildo horretatik, aurreko bi asteetan positibo eman duen pertsona batetik gertu egon badira, osasun-agintariekin kontaktuan jartzeko eskatzen zaie. Alabaina, aplikazioak ez du positibo eman duen pertsona horren izena ematen, ez baitu datu pertsonalik biltzen.

Testuinguru horretan, kutsatutako pertsonarekin zein egunetan egin duen topo adierazten du aplikazioak, baina ez du positibo horren inguruko datu gehiago ematen, ez eta bere telefono mugikorraren identifikazioa ere. Halaber, Radar COVID appak ez du topaketa hori zein unetan eta non gertatu den zehazten. Jakinarazpen bat jaso ondoren, aplikazioak prebentzio eta laguntza neurriak hartzeko informazioa ematen dio erabiltzaileari, korobirusaren agerraldiari aurre egiteko.

Gauzak horrela, aplikazio horrek bere erabiltzaileen segurtasuna eta pribatutasuna bermatzen ditu, eta guztiz anonimoa da; beraz, ez du eskatzen ez izenik, ez telefono zenbakirik, ezta posta elektronikorik ere. Radar COVID Google Play aplikazio-dendan dago eskuragarri Android sistema eragilea erabiltzen duten telefonoentzat, eta App Store-n iOS sistema eragilea duten mugikorrentzat (Apple enpresak erabiltzen duena).

Aplikazioa eskuragarri dago jada, eta kontaktuak arakatzen ditu dagoeneko, baina, orain, autonomia erkidegoek haien eskualdeko osasun-zerbitzuetan izena eman behar dute kutsatuak jakinarazteko eta tresna horrek alertak bidaltzeko. Espainiako Gobernuaren aurreikuspenen arabera, irailaren 15etik aurrera guztiz erabilgarria izango da aplikazio hori.

Ekainaren 29tik uztailaren 31ra bitartean proba pilotuak egin zituzten Kanarietako Gomera uhartean, aplikazioa kaleratu aurretik. Denbora horretan, COVID-19aren lau agerraldi faltsu simulatu dituzte, eta aplikazioak “oso emaitza onak” lortu ditu, arakatzaileen datuak bikoiztea lortu baitu.

Nola erabiltzen da Radar COVID aplikazioa?

Lehenik eta behin, autonomia erkidego bakoitzak erabiltzaileek zein telefono zenbakira deitu beharko duten erabaki behar du. Gainera, kutsatutako pertsonari zein osasun-agentek emango dion kodea finkatu behar du, aplikazioaren bidez positibo eman duela jakinaraz dezan.

Kode hori sartu ondoren, aplikazioa deskargatuta duen eta infektatu batekin gutxienez 15 minutuz bi metro baino gutxiagora egon den edozein pertsonari jakinaraziko zaio; hau da, arakatzaileek “kontaktu estua” nor den erabakitzeko jarraitzen dituzten irizpide berberak erabiliko dira. Beraz, praktikan, positibo eman duten pertsonen kontaktu estuak lokalizatzen aritzen diren pertsona horien lana automatizatzea ahalbidetzen du aplikazioak.

Aplikazioak telefono mugikorraren bluetooth konexioa erabiltzen du; horren bidez, mugikorrek aldizka aldatzen diren beste telefono batzuen identifikatzaile anonimoak igortzen eta behatzen dituzte. Bi terminal 15 minutuz edo gehiagoz elkarrengandik bi metrora edo gutxiagora egon direnean, biek gordetzen dute besteak igorritako identifikatzaile anonimoa.

PCR proba egin ondoren, erabiltzaileren batek COVID-19an positibo emango balu, osasun-sistemaren bidez jakinarazpen anonimo bat bidali ahal izateko baimena eman ala ez erabakiko luke.

Horrela, gaixoarekin kontaktuan egon diren erabiltzaileek kutsatzeko arriskuari buruzko abisua jasoko lukete, eta nola jokatu jakiteko jarraibideak emango lirateke. Hala, ez denez inolako daturik eskatzen, ezinezkoa da zerbitzu horren erabiltzaileak identifikatzea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen