Pump tracka egiteko obrak hasi dira, eta “maiatz bukaeran” irekiko da

3
1071

Herritarrek Arrasaten halako gune bat egitea erabaki zuten, Aurrekontu parte-hartzaileetan. Udal-gobernuak azaldu du “pista diseinatzeko, Arrasateko pumptrack zaleekin egon garela”. Obenerrekako parkourreko erorikoak ez errepikatzeko, ikastaro bat egitea “interesgarria dela” erantzun du.

Beheko irudia: Udala.

Herritarrek 2021-2022ko Aurrekontu parte-hartzaileetan erabaki zuten pumptrack gune bat egitea San Kristobalen. Ideiak 1.311 bozka jaso zituen.

Udalak gerora proiektuaren kokagunea aldatu zuen, eta Markulete industrialdearen ondoan egitea erabaki zuen.

Bizikleta eta patineteentzako gunea egiteko obrak abiatu egin dira asteon, eta Udalaren “aurrekontua 125.000 eurokoa da (BEZ barne)”.

Udal-gobernuak Leioako PoolSport SL enpresari esleitu dizkio obrak, eta enpresak “5 aste ditu” lanak amaitzeko.
Pumptrack pista “maiatz bukaeran erabilgai izango da”, izan ere, “obrak lehenago amaitu arren, asfaltoa asentatu beharko da, kalterik izan ez dadin”.

Ibilbide osoa 149’77 metro luze izango da, eta 9 bihurgune eta 23 oztopo izango ditu, dubbi, doble, step up eta step-downez osatuak.

Zirkuitoa irekia izango da erdialdean, eta 75 eta 90 gradu arteko kurba sekuentziek osatuko dute. Horrez gain, “jauzi ugari” izango ditu ibilbideak “maila altuko” erabiltzaileentzat. Sarrera librea izango da bizikleta, patinetea edota monopatineteab ibiltzeko.

Guneak 3.900 metro koadro izango ditu, eta asmoa da bertan ere “egurrezko mahai eta eserleku batzuk jartzea, familian edota lagunartean jolasteko”.

Alkateak adierazi duenez “pista diseinatzeko, Arrasateko pumptrack zaleekin egon gara, eta enpresarekin batera, gure herrirako zein izango litzatekeen pista egoki bat aztertzeko”.

Udal-gobernuari galdetu diogu (Obenerrekako parkour parkeko erorikoak, osasun-arazoak,… errepika ez daitezen) ea aurreikusi duen pump trackari buruzko ikastarorik antolatzea.

“Bai, hori interesgarria da – erantzun du Obretako zinegotzi Victoriano Fuentesek – parkourrarekin egin zen bezala, uste dut lehentasuna dela jendeari pista erabiltzen irakastea”.

Era berean, “lehentasuna da ere jendeak gauzak arduraz erabiltzea”, eta alkateak ildo honetan gehitu duenez “kasu honetan herriko jendea ibili da disenuan”.

Halaber, pump tracka trafiko askoko errepide baten ondoan egongo denez (Olandixoko saihesbidearen ondoan), galdetu dugu ea seinale gehiago jarriko diren inguru honetan.

“Berez bidegorria daukagu” pumptrack gunera iristeko bide batetik. Beste bidea Garaia Berrikuntza Gunetik iristen da eta “berez errepidetik ez litzateke zertan ibili behar”.

“Horregatik pentsatu zen gune hau oso egokia zela”, eta Udala zenbait pump track zalerekin biltzean “eurek ere oso egoki zeritzoten” leku hau.

3 IRUZKIN

  1. Hori ere porlanez bete behar dute? Ito egingo gaituzte! Ito!
    Ez zuhaitzik, ez zelairik, ez orturik… Erreka bazterrak leku goxoak dira!

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen