Protokoloak (Arrasateko 22 eragile) salatu egin du euskararen aurkako Bilboko epaia

0
542

Beheko testua: Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa.

Irun, Galdakao, Donostia, Gipuzkoako eta Bizkaiko Aldundiak… amaigabea da euskal administrazioan euskararen erabilera posible izateko dauden neurrien kontra kaleratzen ari diren sententzien soka.

Azkenak Bizkaiko Foru Aldundiko 227 lanposturen egonkortzeko prozesuari eragin dio eta Bilboko Administrazioarekiko epaitegitik etorri da. Postu horiek betetzeko euskararen ezagutza eskatzea diskriminatzailea dela iritzi dio eta, horrenbestez, baliogabetu egin du prozesua. Horrela, lanpostu publikoa eskuratzera zihoazen berrehundik gora langileren etorkizuna kolokan jarri da. Halako sententziekin epaileek herritarren hizkuntza-eskubideei egiten diete kalte eta, nola ez, langileen eskubideei ere bai.

Lanpostuetarako derrigortasun indizearen irakurketa murriztailea egin dute epaileek eta Dekretuak gutxieneko eskakizun gisa ezartzen duena haiek gehienezko muga bihurtu dute.

Euskalgintzatik behin eta berriz aldarrikatu dugu badela garaia hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizearen eskema gainditzeko. 2022an, Kontseiluak, euskal gehiengo sindikalarekin batera, EAEko administrazioa 15 urtean euskalduntzeko proposamen zehatz eta egingarri bat aurkeztu zuen. Hala ere, duela egun batzuk Eusko Jaurlaritzak EAEko sektore publikoa euskalduntzeko onartu zuen dekretuak ez du horretarako asmorik jasotzen eta ez du oldarraldiaren aurrean babes juridiko nahikorik bermatzen.

Gauzak horrela, hau dugu egungo errealitatea: lanpostu publikoen %100ean gaztelania derrigorrezkoa da, euskara eskatzea “gehiegizkoa” dela diote epaileek, Administrazio publikoan euskaldunon hizkuntza-eskubideak etengabe urratzen dira eta lanpostu batzuetarako euskararen ezagutza eskatzea “diskriminatzailea” da. Epaileek irakurketa honekin muga jartzen diote euskararen normalizazio prozesuari, hizkuntza-berdintasuna hausten dute eta orain arte ezagutu dugun euskararen ofizialtasuna bera kolokan jartzen ari dira.

Bestalde, sententziek diote herritarren hizkuntza-eskubideak erabat bermatuta daudela; baina Hizkuntza eskubideen behatokiaren urteroko txostenek aurkakoa erakusten dute; aurrez aurreko zein telefonozko arreta euskaraz jasotzeko ezintasuna; gaztelaniaz hitz egitera behartzea; kartelak, gidak eta dokumentazioa soilik gaztelaniaz jartzea; herritarren hizkuntza erabakiak errespetatu gabe gaztelaniaz zuzentzea; eta abar luze bat.

Egoera latz honetan, geroz eta urgenteagoa da euskararen aldeko hizkuntza-politiketan jauzi bat egiteko akordio soziopolitiko zabal bat lortzea, bai nazio mailan, bai herri mailan.

Horretarako sortu genuen, hain zuzen, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa eta, honezkero, 22 erakundek eman diote atxikimendua. Lore Gazteak dantza taldea izan da azkena, eta hemendik parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu herriko beste eragileei ere, ahalik eta gehien izan gaitezen.

Jakizue, bestalde, lan-ildo berri bat abiarazi dugula, herri mailan, euskararen erabileran eragiten duten hutsuneak identifikatzeko. Azalera handiko eta herriz gaindiko entitateetatik hasi gara, 20 denera, eta diagnostikoa egin ondoren hasiko gara entitate horien hizkuntza portaeretan eragiteko lanean (hala beharko balitz).

Esan gabe doa zuek ere, hizkuntza eskubideen urraketarik jasan edo identifikatuz gero, protokolo kideongana etorri besterik ez duzuela.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen