“Protokoloa jarraituz, Arizmendiko Batxiko 2. mailako ikasle denek presentzialei berrekin diete”

0
1289

Hartara, “aurreko egunetan garbiketa sakona egin dugu, eta egunero segurtasun- eta garbitasun-neurriak hartzen ditugu”. Ikastolako Zuzendaritzako ordezkari Elena Errastik azaldu du klase presentzialak baliagarriak direla ere selektibitatea egingo duten ikasleen “emozioak kudeatzen laguntzeko”.

Atzo goizean berrekin zieten klase presentzialei Arizmendi Ikastolako Batxilergoko 2. mailako ikasleek Gaztelupen eta Almenen.

Gauza bera egin zuten Zereginen Ikaskuntza Gelako lagunek aste honetako astelehenean, eta Lanbide Heziketakoek aurreko astean. Beraz, Zaldibarren, Ferixalekuan, Almenen eta Gaztelupen hainbat ikasle eta irakaslek presentzialei berrekin diete.

Klase hauen aurreko egunetan Arizmendik desinfekzio-lanak egin ditu han eta hemen: “Garbiketa sakona egin dugu, arauek eskatzen duten bezala – azaldu du Ikastolako Zuzendaritzako Elena Erreasti ordezkariak.

“Garbiketak klaseak baino egun batzuk lehenago eta egunero egiten ditugu, ikasleek eta profesionalok erabiltzen ditugun espazioetan”.

Gainera, presentzialak baino lehen “familia guztiei, ikasle guztiei eta profesional guztiei osasun-protokolo bat, jarraibide batzuk helarazi zaizkie, prebentzioari dagokionez bai etxean, bai eskolan, bai eskolatik etxera itzultzean aplikatzekoak”.

Esaterako “jarraibideek azaltzen dituzte ikastetxean zein gauza eta espazio ezin diren erabili, eskuen garbitasuna, maskaren erabilera, segurtasun distantzia,…”.

Antolaketari dagokionez, Arizmendik neurriak hartuak ditu, ikastetxeko sarrera eta irteeretan gehien bat: “Gaztelupeko eraikin honek 3 sarrera ditu, eta ikasleak sarreretan pila ez daitezen, ikasleek sarrera ezberdinak erabiltzen dituzte, nolabait sakabanatu ditugu”.

Era berean, “gela bakoitzean ohi baino ikasle gutxiago jarri ditugu, bi metroko segurtasun distantzia errespetatzeko. Ikasgela bakoitzaren sarreran hidrogela erabilgai dago, baita komunetan xaboia eta papera ere”.

Konfinamendu eta alerta egoera izendatu zirenetik “Zuzendaritzan baloratzen aritu gara, eta eboluzioari erreparatu diogu. Iragarri zenean eskola presentzialetara itzultzeko aukera egon zitekeela, gure plan propioa egiten hasi ginen, ordurako ikasturte amaiera nola enfokatu zehaztua genuelako, betiere osasun-emergentziak ahalbidetzen duen neurrian”.

Presentzialetara itzultzea erabakitzean “betiere balantzan jarri ditugu osasun-prebentzio eskatzen duena eta presentzialitateak ematen dion balio erantsia artapen telematikoari”.

“Zorionez azken 8-10 urteetan gure ikasle guztiek ordenagailua dute eta gure material guztia online plataforma pedagogikoetan dago. Horrek asko erraztu du konfinamenduko atentzioa”.

Arizmendi Ikastolak kontuan izan du “eskola presentzialak garrantzitsuak direla, selektibitatea prestatzeaz gain, proba horrek ikasleei eragindako beldur, segurtasun falta, urduritasun eta bestelako emozioak (aurten areagotu direnak) kudeatzeko eta ikasleei laguntzeko”.

Atzo, Batxilergoko 2. mailako 82 ikasleak Gaztelupera etorri ziren, “hau da, ikasle guztiak. Almenera ere ikasle guztiak joan dira”. Orain selektibitatea prestatzeko eskoletan daude, eta ikasle batzuek errefortzu klaseetan. “Gure asmoa da ahalik eta ikasle gehienek selektibitatea egitea, lehenengo aukeran”.

Datorren astelehenean, ekainaren 1ean, “etortzekoak dira Batxilergoko 1. mailan errefortzua behar duten ikasleak. Izan ere, ikusi dugu ikasle batzuek, telematikoaz gain, errefortzu presentziala behar dutela”.

Ikasturte honetan Arizmendin ez da maila gehiago presentzialetara itzuliko. “Soilik behar espezifikoak dituzten ikasle banaka batzuk etorri dira astelehenetik. Ez da arazo teknologikoa, Ikastolak lehen eta orain arazo sozio-ekonomikoengatik ezin duten familiei ordenagailua uzten dielako”.

Aurrera begira, uda partean “irakasleok uztailean ere lan egingo dugu. Une honetan irakasle guztiok ez gabiltza era presentzialean lanean, eta hainbatek telematikoan dihardute. Informatika Zerbitzuko, Idazkaritzako eta Zuzendaritzako langileak ikastetxean dihardugu”.

Oro har, “ezohiko egoera honek ere gauzak hobetzeko aukerak ematen ditu, nahiz eta egia den ere Hezkuntzan erronka handia dugula, etorkizunean ere konfinamendu egoera gehiago izan ditzakegulako”.

“Gure erronka nagusietako bat da gure ikasleak ahalik eta ondoen atenditzen jarraitzea. Bide telematikoaren onurak deskubritu ditugu, irakaskuntza pertsonalizaturako onurak esaterako, baina ez ditu harreman sozialak ahalbidetzen”.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen