“Protokolo transfeminista izango du aurten Txosnaguneak!”

0
258

Aurtengoan ere, erasoen aurkako protokoloa izango du Txosnaguneak. Baina, oraingoan, berritasun batekin dator: protokolo transfeminista izango da, eraso matxistez gain, bestelako erasoei ere aurre egingo diena (eraso arrazistak, gorputz disidenteen aurkakoak, LGTBIAQ+foboak…). Txosna Batzordeko kideek eman dituzte protokoloaren inguruko xehetasunak.

Orokorrean, nolakoa izan da protokoloa egiteko prozesua?

Aurtengo protokoloa herriko hainbat eragileren artean osatu dugu, inguruko eragile transfeministek egindako lanetan oinarrituta. Hala, Amerika elkartea, Morbor, Guerreras eta Arrasateko Bilgune Feministarekin batuta egin dugu, zapalkuntza zein eraso orori erantzun apropos bat emateko.

Eraso baten aurrean, nola jokatu beharko lukete erasoa jasaten ari den pertsonaren inguruan daudenek?

Egiturazko arazo honen aurrean, guztioi dagokigu arduraz jokatzea, baina, bereziki, gizonei, LGTBIAQ+foboei zein arrazistei. Zentzu horretan, dei egiten diegu beren jarrerak aztertu eta zuzendu ditzaten.

Dena dela, emakume*, neska* gazte, gorputz disidente zein pertsona arrazializatuak animatzen ditugu boteretu eta, Txosnagunea espazio segurua den heinean, autodefentsa transfeministaz armatu daitezen eraso orori erantzuteko.

Auto, gu geu gai garelako eta salbatuko gaituen inor behar ez dugulako.

Defentsa, legitimitate osoa dugulako eraso ororen aurrean erantzuteko.

Transfeminista, errora jotzen dugulako harreman eredu berriak sortuz.

Zer azpimarratuko zenukete antolatu duzuen egitarautik?

Kontzertuak, pintxada kolektiboa, Beatriz Egizabalen bakarrizeta, eragileen zein musikarien azoka, triki-poteoa… zaila da bat aukeratzea. Izan ere, egitarau anitza eta oparoa antolatzen saiatu gara, jaiak herritik eta herriarentzat antolatzea izan baita gure helburu nagusia. Hala ere, aurten, bi mobilizazio irtengo dira Txosnagunetik: bata, ekainaren 23ko gauean “Autodefentsa transfeministaz armatuta gaude. Beldurrak gurekin jai!” lemapean; bestea, ekainaren 25ean “Izan preso, iheslari eta deportatuak etxeratzeko bidea” lemapean.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen