Proposamen zehatzak definitzeko unea da ‘etorkizun berdeago baterantz’ planean

0
2268

Testua eta argazkia: Arrasateko Udala

Arrasateko Udalak martxoan abiatutako ‘Azpiegitura berdea, klima eta energiaren plana’ garatzeko parte-hartze prozesua bigarren fasera iritsi da. Lehenengoan herritarren diagnostikoa jaso zen auzoz auzoko saioen bidez, eta orain jarduketa-proposamen zehatzak definitzen hasi da Udala, sektore eta kolektibo ezberdinen ikuspegiak jasoz.

Parte hartze zabala eta askotarikoa

Bigarren fase honetan, honako eragileekin egin dira parte-hartze saioak:

● Haurrak eta gazteak:
○ Haurren Kontseilua: maiatzaren 7an (Txatxilupurdiren laguntzarekin).
○ Gazteak: maiatzaren 7an institutu publikoan, eta maiatzaren 14an Arizmendi ikastolan.

● Adinekoak: Maiatzaren 7an eta 14an gerturatu dira udal ordezkariak hiru jubilatuen etxeetara.
● Udal teknikari eta langileak: Maiatzaren 14an.
● Hirigintza Aholku Kontseilua: Maiatzaren 14an.
● Kale galdeketak: Maiatza osoan zehar kalean egin diren galdetegiak, behar diren auzo, adin tarte edo generoekin zuzendutako presentzia aktiboa bermatuz.

Parte-hartze saio hauetan, sektore bakoitzak bere ikuspegitik egin du ekarpena: hezkuntza, gazteria, hirigintza, adinekoen zaintza eta udal kudeaketa. Helburua da ikuspegi horiek guztiak bateratzea Arrasatek behar duen azpiegitura berde, klima eta energia plan integrala definitzeko.

Saio irekia herritar guztientzat: maiatzak 27

Bigarren faseko unerik esanguratsuena izango da maiatzaren 27an egingo den parte- hartze saio irekia. Saioa 18:30ean izango da, Kulturateko Loramendi gelan, eta edozein herritarrek parte hartu ahal izango du.

Udalak herritar guztiei dei egiten die saio honetan parte hartzera: “Orain proposamenak egiteko garaia da, eta ahalik eta iritzi anitzena behar dugu. Hiriaren etorkizun berdea elkarrekin eraiki behar dugu,” adierazi du Garazi Etxeberria zinegotziak.

Ekintza plana: plana betetzeko ezinbestekoa

Hirugarren eta azken fasean, jasotako proposamenak aztertu eta lehentasunak ezarriko dira ekintza-plan eraginkor eta zehatza osatzeko. Planaren helburua da Arrasatek klima aldaketaren aurrean erresilientzia irabaztea eta hiri jasangarriago baterantz urrats sendoak ematea.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen