Proiektu teknologiko jasangarrietako 11 beka banatu ditu MUk

0
501

Argazkia eta beheko testua: Mondragon Unibertsitatea.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskolak ideia berritzaile, teknologiko eta jasangarriak saritu ditu, «Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards» lehiaketaren edizio honetan aurkeztutako 32 startupen artean.

Guztira 11 sari banatu dira 3 kategoria hauetan: Talentua (5), ACCESITa (3) eta Prestakuntza (3).

Hona hemen startup irabazleetako batzuk: LUP, adinekoei edo dislexia duten pertsonei irakurtzen laguntzen diena; SATOP, 3D inprimaketaren onurez baliatuz kirol-oinetakoetarako zolak ekoizten dituena, eta Dryfing, neoprenozko jantziak garbitu, lehortu eta desinfektatzen dituena.

Mondragon Unibertsitateak 2024ko ‘Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards’ lehiaketaren finala jokatu du gaur. Industria jasangarriari zuzendutako ekintzailetza-lehiaketa da, eta oinarri teknologia duten negozio-ideia guztiak sartzen dira. Aurtengo edizioan 32 proiektu aurkeztu dituzte, irtenbide teknologiko eta jasangarriak proposatuz hainbat arlotarako; besteak beste, diseinuaren, industria-prozesuen, biomedikuntzaren eta automozioaren arloetarako. Guztira 11 sari banatu dira, startup horiek Mondragon Unibertsitateko ikasleak hartzeko, laguntza teknologikoan inbertitzeko eta ikasleek trebatzen eta euren proiektua garatzen jarraitzeko. Fagor Taldearen, Orbearen, KREANen eta MONDRAGON Korporazioaren laguntzari esker lortu dira bekak, enpresa horiek talentu teknologikoa eta lurraldean enplegua eta aberastasuna sortzea sustatzen dute eta.

Aurtengo edizioan 32 startupek eman dute izena, eta haietatik 11k irabazi dute saria. Zehazki, Talentuaren kategorian, 5 sari banatu dira —saria beka bat da, urtebetekoa gutxienez eta bi urtekoa gehienez, startupak ingeniaritzako talentu bat hartzeko—; ACCESITaren kategorian, berriz, 3 sari —1.000 euro laguntza teknologikorako—, eta Prestakuntzaren kategorian, 3 sari —ikasleei bi hilabeteko prestakuntza eta laguntza ematea, oinarri jasangarriko proiektu teknologikoa garatzeko—.

Talentuaren saria
Talentuaren saria irabazi duten startupek, beraz, Mondragon Unibertsitateko Eskola Politeknikoko ikasle bana hartuko dute, urtebeterako gutxienez eta bi urterako gehienez. Hona hemen irabazleak: SATOP, 3D inprimaketaren onurez baliatuz kirol-oinetakoetarako zolak ekoizten dituena; Keibaran System, material zeramikoa eta harri naturala edo sintetikoa ebaki eta manipulatzeko sistema eramangarria, langilearen osasunerako arriskurik ez duena; LUP, adinekoei edo dislexia duten pertsonei irakurtzen laguntzen diena; BAI, eta Dryfing, neoprenozko jantziak garbitu, lehortu eta desinfektatzen dituena. Kategoria horretako startup irabazle bakoitzak 11.000 euro jasoko ditu urtebetean —edo 25.000 euroraino bi urtean—, ikasle bat lantaldean sartzeko.

ACCESITaren saria
Kategoria horretako startup irabazle bakoitzak 5.000 eurorainoko saria jasoko du, laguntza teknologikoan inbertitzeko. Hauek dira 3 saridunak: Nido, eraikuntzan ingurumen-inpaktua murrizten duten materialak sortzen dituena; Protiberia, intsektu batek —Tenebrio Molitor izenekoak— sortzen duen proteina jasangarria ikertzen duena, eta Bizi Flow, norberaren zainketarako eta etxeko garbiketarako 300etik gora produktu biodegradagarriz, jasangarriz eta beganoz osatutako katalogoa duena.

Prestakuntzaren saria
Azken kategoria honetan, hiru proiektu sortu berri izan dira irabazleak. Startup horietako bakoitzak 3.000 euro jasoko ditu, ikasleek trebatzen eta euren proiektua garatzen jarrai dezaten: Bask3D, enpresa txikietarako 3D inprimaketa-zerbitzuak eskaintzen dituena; Enkar Automation, industria-prozesuen automatizazioan diharduena, eta One Key, txartel mugikorren inguruko zerbitzuen integrazioan ari dena.

Erronka: ekintzailetza teknologikoa
Lehiaketaren bidez, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak unibertsitatearen erronka estrategiko bat lortzen lagundu nahi du: 2030erako Europako ekintzailetza teknologikoaren erreferente bat izatea, hain zuzen. Halaber, beste helburu hauek ere lortu nahi ditu: Mondragon Unibertsitateko ikasleen eta irakasleen ekintzailetza sustatzea; enpresekiko harremanak sendotzea, industriaren arloan barne-ekintzailetza jasangarria sustatuz, eta gizarte-aberastasuna sortzea, bereziki unibertsitatearen eragin-eremuan.

Enpresa laguntzaileak
Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hainbat urte daramatza lehiaketa bultzatzen, eta, urteotan, enpresa askok egin dute bat harekin. Aurtengo edizioan, FAGOR taldea, Orbea, KREAN eta MONDRAGON Korporazioa dira laguntzaile nagusiak; denen artean, 100.000 euroko ekarpena egin diote aurtengo edizioari, ekintzailetza-lehiaketak aurrera egin dezan. Kooperatiba horiek Gipuzkoan dute egoitza nagusia, eta konpromisoa dute lurraldeko industria-sarea indartzeko eta bertan kalitatezko enplegua sortzeko; hori dela eta, lehiaketa babestuz, beren konpromiso sozialak sustatzen dituzte.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen