Proiektu eraldatzaileak ezagutzeko dinamika irekia abiatuko du EHBilduk

0
1123

‘Debagoiena geuretik loratzen’ dinamika antolatu du, besteak beste, “trantsizio sozio-ekologikoa, zaintza eta elikadura burujabetza lantzeko”. Ekimen honen beste xede bat da “herriarteko sinergiak sortzea”. Lehen txangoa Oñatiko ur-jauzietara izango da, otsailaren 24an (zapatua), herritarrei zabalik.

Debagoieneko EH Bilduren Herrigintzako eta Udalgintzako hainbat kidek prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean.

‘Debagoiena geuretik loratzen’ dinamika aurkeztu dute Arrasateko Alde Zaharreko Arotz plazan.

“Eskualde mailan epe luzeko estrategia bat eratzen gabiltza – adierazi du Arrasateko EH Bilduko Amaia Etxabek – eta dinamika hau ere estrategiaren baitan kokatuko genuke”.

Dinamikaren helburua da “bailaran martxan dauden edota hurrengo urteetan martxan jarriko diren proiektu eraldatzaileak ezagutaraztea”.

Honetarako, hitzaldi eta txango edo irteera ezberdinak antolatuko dituzte. “Hiru hilean behin egingo dugu irteera hauetako bakoitza”.

Lehenbizikoan landu egingo dira “trantsizio sozio-ekologikoa, zaintza eta elikadura burujabetza”.

Horretarako, “lehen hitzorduan energia eta burujabetzaren inguruan jarduteko aukera izango dugu”.

Otsailaren 24an izango da (zapatua), goizeko 10:30ean, Oñatiko ur-jauzietan.

“Oñatin, alor honetan martxan daukagun proiektua hobe ezagutzeko” adierazi du Izaro Elorza alkate eta koalizioko kide. Horrela txangoan esaterako “ur-jausietara bisita egingo dugu”.

Debagoieneko EH Bilduk gura du ere dinamika honek “aukera emango digu bailara moduan indartzeko, herriarteko sinergiak sortzeko, eta azken batean esperientziak konpartitzeko”.

Era berean, azpimarratu du “gai ezberdinen inguruan interesa dugun herritarrok elkar ezagutzeko eta hartu-eman ezberdinak egin ahal izateko”.

Amaia Etxabek gehitu du “hein batean, garen horretatik ikasiz, etorkizuna eraldatzea da asmoa. Geuretik loratzea, esango genuke”.

“Hitzaldi edota txango horiekiko interesa duen herritar oro gonbidatzen dugu”.

EH Bilduk animatzen du, ahal denean, ekitaldi horietara bizikletan, oinez edota garraio publikoan bertaratzera.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen