Leturia: “Primizia bat, Arrasateri jarritako bertsoak,… eskainiko ditugu Arrasateko Pandero Jaialdian”

0
1080

Musikari ezagun honek, aita arrasatearra izanik, Imanolekin eta Motrikorekin joko du ekainaren 12an Amaia Antzokian. Ibilbide luzeko artista dugu, besteak beste, panderista gisa ibilia.

Argazkia: EITB.

Holako jaialdiak garrantzitsuak dira panderoa balorean jartzeko?

Bai, kontuan hartu panderoa trikitixa, soinua baino askoz zaharragoa dela. Guk duela 15 urte hasi genuen ekimena, eta denbora tarte honetan bospasei joaldi egin ditugu, besterik ez.

Izan ere, jendea okupatuta dabil, eta hiru pandero batera entzuteak ez du halako interesik sortzen. Guk egiten duguna orain 100 baino gehiago egiten zuten Euskal Herrian:

Soinurik ez zegoenean, panderistek panderoari eragiten zioten eta koplak abesten zituzten. Mauriziak eta aurrekoek (adibidez guk hemen Iribas ezagutu genuen Nafarroa aldean) hala ematen zituzten erromeriak.

Panderoa berez instrumentu atonala da, ez du melodiarik, hau da, garai bateko txalaparta bezalakoak. Egungo txalapartek, ordea, marinbak dirudite, nota guztiak jarri dizkiete. Panderoa oraindik ez da puntu horretara iritsi, baina kontuz… [barreak]

Guk garai hartako panderisten ildoari jarraitu diogu, jendeari erakusteko zein garrantzitsuak ziren, bai panderoa konpasaren barruan jotzea, tenpoaren baitan, baita koplak ere.

Kopla eta bertsoa ez dira gauza bera, eta gu betidanik koplistak izan gara, Amurizaren eskutik. Erakustaldietan koplak kantatzean melodia gehitzen diogu panderoari, eta panderistak norberaren trebezia erakusten du.

Arrasateko Jaialdian beste bi izen handirekin arituko zara: Imanol eta Motrikorekin. Zer sentitzen duzu?

Hirurok lagun zaharrak gara, nahiz eta txapelketetan elkarri hortzak erakusten genizkion, baina hortik aparte betidanik lagun handiak izan gara, gara eta izango gara, arazorik gabe.

Hirurok aurrez halako ekimenetan parte hartu dugu elkarrekin, bai panderista bezala, bai trikitixarekin, baita beste musikari batzurekin ere.

Zer aurrera dezakezu Arrasaten eskainiko duzuen emanalditik?

Antolakuntzako Maixakin hitz egin ondoren, nire kezketako bat zen ea zenbat denbora izango genuen jaialdian. Izan ere, telebistak grabatuko zuela esan zidan, eta telebistak denborak asko neurtzen ditu.

Gainera, guk lehenak joko dugun arren, kontuan hartu behar da beste talde batzuek ere joko dutela. Ondorioz, gure emanaldia musikalki 13 minutukoa izango da. Hau da, guztira 15 minutukoa izango da, aurkezpena barne.

Hiru tema eskainiko ditugu: lehen tema, Amurizak kopla berezi batzuk egin zizkigun, gure izenak azaltzen dira kopletan, eta disko baterako egin zituen. Horiek abestuko ditugu primizia bezala, izan ere, sekula ez ditugu beste inon kantatu. Gure patrikan izan dira, eta oso politak dira.

Bigarrenik, porru-salda batean doinu tipiko bat erabiliko dugu, doinu hori gure disko batean grabatu genuen. Doinu horrek aukera mordo bat ematen du, eta kopla mordo batekin elkartuko dugu. Panderoa eta koplak tartekatuz, 10 kopla eskainiko ditugu.

Hirugarren piezan Arrasateri duela urte batzuk prestatutako bertso batzuk eskainiko ditugu. Horiek abestuko ditugu eta oso politak dira, jendea harrituko da.

Ibilbide luzeko artista zaitugu, nola laburbilduko zenuke zure ibilbidea?

Denetarik egitea tokatu zait. Trikitixan 25-26 urterekin hasi nintzen, 23 urte izan arte ez nuen esku artean panderorik izan, nahiz eta erromeria-zalea nintzen. Nire maisuak erromerietan ari ziren panderistak ziren, orduko Iturbide, Landakanda,…

Eurak erromerian ikusi ondoren, etxera joan, eurekin mintzatuz, garai haietako kasetari buelta eman,… Gero 6 urte inguru trikitilari mordo batekin ibili nintzen.

1984an, Eleuterio Tapiarekin ikasten nuenez, Josebarekin topo egin nuen, eta orduz geroztik txapelketetan eta bestelakoetan parte hartu genuen. Hasieran trikitixa hutsean, formatu zaharrean-edo, eta ondoren beste musikari batzuk hartu genituen:

Mikel Artieda baxu-jolea eta, erritmo-kaxarekin erromerietan pare bat urte egin ondoren, Leitza bateria-jolea eta Batiz gitarra-jolea sartu genituen. Ordutik proposamen ezberdin bat egin genuen:

Trikitixa mundua nolabait utzi genuen, trikitixa-texmex formatua, eta rock&rolla oso potente zegoen garai hartan, horri heldu genion, bi disko egin genituen eta zazpi urtez aritu ginen.

Ondoren sustraietarantz itzuli ginen. Gauza bat behin eta berriz errepikatzen baduzu, ‘hiltzen’ zara, aldakorra izan behar zara.

‘1998’ izeneko zuzeneko disko bikoitza egin genuen, ondoren Amurizarekin ‘Bizkaiko kopla zaharrak’ eta azkenik europar formato horretan, beste erromeria mota batzuk egiten amaitu genuen Arkaitz Miner biolin-jolearekin eta Txus Aranburu piano-jolearekin, Quebec-en, Amerikan ikusi genuenetan oinarrituz. Oso ondo funtzionatu zuen.

Tapia eta Leturiak urtean 80 kontzertu inguru ematen genituen, eta Josebak bere kasara diskoak egiten hasi zen. Nik urtebeteko eszendentzia hartu nuen, eta handik gutxira Korrontzik berarekin jotzea eskatu zidan, nik baietz.Korrontzirekin 5 urte egin ditut orain arte.

Tarteka, Tapiak eta biok gauzak egiten jarraitzen dugu, adibidez Euskal Herrian garai bateko formatoan egiten den erromeria bakarran parte hartzen dugu, Iturriotzen, ekainaren 24an, San Joan egunean.

Zerbait gehitu nahi duzu?

Eskerrik asko Arrasateko herriari, nire parte bat Arrasatetik dator, nire aita arrasatearra da. Bertako Leturia ugari nire senideak dira. Oso gustura bertaratuko gara Jaialdira, oso ondo pasatuko dugu.

Sarrerak erosteko klikatu hemen

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen