Pribilegio zuria buruz kontzientzia hartzeko barne hausnarketa antolatu du Arrasateko Mugimendu Feministak

2
333

Gure pribilegio zuriari buruz kontzientzia hartzeko eta barneratuta dugun arrazakeria deseraikitzen hasteko barne hausnarketa antolatuko dugu Arrasateko mugimendu feministak datorren maiatzaren 15ean. Emakume Mundu Martxako V. Ekintzaren baitan Euskal Herriko emakume* migratu eta arrazializatuek prestatu duten materialari buruz hausnartzeko lehenengo saioa izango da. 

Baina zer da pribilegio zuria eta dekolonitatearen gai hau? Azken urteetan indarra hartu duen gaia da Euskal Herriko Jardunaldi feministetan feminista zuriok interpelazio zuzena jaso genuenetik, baina gaia ez da berria, feminismo dekolonialak eta feminismo beltzak  (bi mende baino gehiagoko) ibilbide luzea du. Urteak dira hainbat autore arrazializatuek adierazi digutela, sexu-genero ardatzaz haratago, badaudela gorputz ezberdinak zeharkatzen dituzten ardatz gehiago, hala nola, klasea, arraza, kapazitismoa, adina sexua, generoa, etab. Eta arrazakeria eta kolonialismoa begiratu ezean, sexu-generoari buruz egiten ditugun hausnarketak ez dituztela gorputz guztiak kontutan hartuko eta beraz, baztertzaileak izango direla.

Adibide txiki batzuk jartzearren, mugimendu feministako emakume* zuriok kristalezko sabaiari buruz hitz egiten dugunean gure lantegietan edo etxeetan garbiketa lanetan dauden emakume* migratuen kristalezko sabaiari erreparatzen al diogu? Gure gorputzen jabe eta nahi bezala jantzi gaitezkeela adierazten dugunean, emakume* musulmandarretaz ere aritzen al gara? “Emakume* euskaldunak” esaten dugunean bertan mendeetan bizi diren emakume* ijito euskaldunak ere irudikatzen ahal ditugu? 

Gizonezkoei beraien gizon pribilegioa deseraiki behar dutela esaten diegun moduan, emakume* zuriok ezinbestean gure pribilegio zuriaren kargu egin beharrean gaude. Horretarako saio bakarra ez da nahikoa izango, lau autore dekolonial irakurtzea edo pare bat pelikula/dokumental ikustea izango ez den bezala. Baina bidea egiteko konbentzimendua baldin badugu lehen urratsa hasi ezean ezin bidea egin. Hau lehenengo urrats bat da, gure ezjakintasun guztiarekin hasi beharreko bidea. Material potentea dugu esku artean eta etxekolanak egiten ez hasteko aitzakia gutxi, beraz, animatzen zara gurekin bidea hastera? Elkarrekin ikasiko dugu, ez dago aditurik, gure tripetara begiratu eta zer ikusten dugun baino ez, eta elkarrekin begiratzen ikastea da gure asmoa. 

Zatoz, maiatzaren 15ean, larunbatean, goizeko 10:30etatik 13tara Kulturateko Areto Nagusira. Aforo kontuengatik izen ematea egitea garrantzitsua da: pribilegiozurialantzen@gmail.com 

Mila esker eta bertan egingo dugu topo. 

(pd: pribilegio bat baino gehiago duenak, bidea egiten hasi ez bada etxekolanak pilatuko zaizkio) 

2 IRUZKIN

  1. Martxa honetan Arrasaten azal zuriaz jaio izanagatik ere barkamena eskatu beharko dugu. Bizi garen egoera hau gero eta gutxiago ulertzen dut.

  2. Neuri ere zalantza asko sortzen zaizkit planteamendu honekin. Hau da ulertzen dut ez dela berdina emakume txuria izan edo arrazializatua. Baina ulertzen dut baita ez dela berdina emakume lodia izan edo argala, edo gizon txuria izan edo arrazializatua, edo afrikar emakume aberatsa izan edo familia txuri behartsu bateko 4 umeren ama langilea. Beste alde batetik ez dut nire burua pribilegiatutzat ematen langilea naizen aldetik, ama eta pertsona nagusien alaba (zaintza karga izugarriarekin eta zorpetua nagoelako eta gaur egungo bizitzak horrela exigitzen didalako apartatu izatea nahi ez badut, kapitalaren esklabua, hilabete bukaerara heltzeko malabarak egin behar dituena eta aisialdirako denborarik gabekoa. Arrazializatuak, esplotatuak eta apartatuak, neu bezala bidelagun ikusten ditut eta ikuspegi horretatik ez zait burutik pasatzen ni baino behar handiagoa duena esplotatzea. Ez dakit ba hori ez ote den debate inportanteagoa: baliabideen eta bizitzeko egin behar ditugun lanen banaketa ekitatiboa. Baina horiek guztiak kontzientziatziotik hastea ondo badago ere uste dut errebindikazio politiko bihurtu behar ditugula eta hor jarriko nuke indarra: ordaindutako lan orduen murrizketan, soldata duinetan eta zaintza lanen banaketa ekitatiboan eta horretarako beharrezkoak diren zerbitzuak sortzen. Horretan guztian, noski emakume arrazializatu eta txuriak, lodi eta argalak, ikasketa maila baxua dutenak eta altudunak, bidelagun, baina inoiz ere ez Condoleezza Rice, Ana Botin, Michele Obama…

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen