Pregoiak dei egin du “jaiez gozatzera elkar zainduz eta aldarrikatuz”

0
2169

Txosna Batzordeak antolaturik, txupinazioa eta pregoia ospatu dira eguerdian Santa Barbaran. Pregoiak salatu du “udal-agintariek gure izena euren onurarako erabili nahi izan dutela”. Datorren urteko “jaiak gogoangarriak izango dira”.

Herriko zenbait eragilek Arrasateko Txosna Batzordea osatzen dute, eta Sanjoanetako pregoia eta txupinazoa antolatu dute.

Ekitaldia Santa Barbarako Goikobalun egin da, eta gazte mordoxka batek parte hartu du, aldarte onean.

Pregoiak adierazi du erantzukizunagatik aurten Sanjoanak bertan behera utzi zituztela, baina “ilusioz ekin genion egitaraua prestatzeari”.

Halaber, bere “amorrua” azaldu du “udal-agintariek gure eskakizunei entzungor egin dietelako eta gure izena euren probetxurako erabili nahi izan dutelako”.

Bere “tristura” ere agertu du “ezin izango diogulako Herriari nahi genukeen jai-egitaraua eskaini”.

Oztopoak oztopo, pregoiak animatu du aurtengo jaiez “gozatzera”, “elkar zainduta kaleak har daitezkeela erakutsiz” eta “aldarrikapenak eginez”. Ildo horretan, dei egin du, Sare Arrasaterekin batera ekainaren 26rako antolatu duen manifestaziora. Halaber, dei egin du “ez dela inolako erasorik onartuko”.

Ekitaldiari bukaera emateko, Txosna Batzordeko lagunek erosgai jarri dituzte patata-tortila pintxo goxoak eta sagardo freskoa.

Goian aipatutako manifestazioaz gain, eta gaurko txupinazoaz gain, beste bi ekitaldi izango dira aukeran: gaur arratsaldean eta etzi arratsaldean karropoteoa egingo da kaleetan zehar.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen