“Pozik gaude azkenean, Euskal Memoria Historikoaren Legea nahiko duina da”

0
378

Argazkia: Mauro Saravia.

Atzo, osteguna, Euskadiko Memoria Historikoaren Legea onartu zen. Eusko Legebiltzarrean izan ziren frankismoaren errepresaliatuen senideen artean Juan Ramon Garai eta Nati Roa arrasatearrak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteko kideak izan ziren.

Nati Roaren amona 1936ko irailaren 26an atxilotu zuten, 5 hilabeteko haurdun, eta hil egin zuten. Natik dioenez “nire aita, 10 urterekin, bere ama hil zutenek eraman zuten frontera, eta han egon zen 3 urtez. “

Juan Ramon Garairen aitonaren kasuan, atxilotu eta Ondarretako kartzelara eraman zuten, eta, Juan Ramonek azaldu duenez, “gobernadore zibilaren esku utzi zuten, eta hortik, Ramiro Llamas gobernadore militarraren esku utzi zuten. Ez ziren Arrasatera itzuli. Jakin nahi dugu zer gertatu zitzaien. “

Nati Roak esan du auzitegira jo zutenean esan zietela “historialarien kontua zela, eta ez epaileenak, 1977ko Amnistia Legea ezkutaturik.” Azpimarratu duenez, aurrerapauso handia iruditzen zaio Euskadiko Memoria Historikoaren Legea onartzea, “artxibo ofizialetako informazioa eskuratzeko aukera emango digulako. “

Bestalde, Juan Ramon Garaik azaldu duenez “gure senideen dokumentazio guztia, poliziaren eta Guardia Zibilaren esku dagoena, artxibo zibiletara pasatu behar da, eta artxibo zibiletatik familietara pasatu behar da. Eskatzen dugun gauza bakarra egia da.” Azpimarratu du “lege hau ez da ezeren amaiera, Frankismoaren eta Euskal Herriko trantsizioaren biktima guztiak duintzeko behar dugun egia eta justizia guztia ateratzeko tresna bat baizik. Espero dugu berehala praktikan jartzea.”

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen