- Dirk Morenweiser idazle arrasatearrak ‘Hiria hondarrean’ kontakizuna Antologia batean sartzea lortu zuen. Istorio honek bere eleberriarekin zerikusia dauka, eta Alemanian argitara eman dute. Zorionak Dirk!
Goiko irudia: argitaletxea.
- Kaixo Dirk, zer diozku irudi honek?
- Kaixo, Antologia baten portada da eta bertan sartzea lortu dut.
- Azalduko dizkiguzu zer den Antologia bat eta nola sar daitekeen bertara?
- Antologia bat egile ezberdinen kontakizunez osaturiko literatur argitapen bat da. Horretarako, editore batzuek gai zehatz bat plazaratzen dute baldintza zehatz batzuekin. Kasu honetan gaia “Historia urbanoa” zen. Kontakizunak gutxienez 5.000 karaktere behar zituen, eta 6.000 gehienez. Literatur lehiaketa bat bezala irudika dezakezu. Nire kasuan aleman hizkuntzako literatur deialdi batera aurkeztu nintzen, alemaniar, austriar eta suitzar hedabideetan argitaratua.

- Nolatan parte hartu zenuen?
- Nik idaztea gustuko dut. Idazten dut, baina tamalez tarteka soilik, baina egiten dut. Halako literatur deialdiek beti eman didate atentzioa. Askotariko gaiak dira, eta baldintzak beti oso exijenteak eta ezberdinak dira. Baina azken finean zuk sorturiko zerbait argitara emateko aukera bat da, sorkuntza hori tiradera baten barruan ezkutatu barik. Zure obra bat Antologia batera aurkezten baduzu, ez duzu ezer galtzekorik, eta agian poztasun bat lor dezakezu, kanpoko aitortza baten ondorioz. Eta aitortza honek laguntzen zaitu, animatzen zaitu ideiak idazten jarraitzera, istorioak, ametsak…
- Zer adierazten duzu kontakizun honekin?
- Gaia “Urbanoa” zen. Zerbait polita behar luke baina nik gogoan zerbait irekia nuen, zerbait artega eta horretara ausartu nintzen. ‘Cuatro Lunas – Un Viaje Incierto’ nire eleberriko pasarte bat baliatu nuen, liburuan sakondu ez nuena, bai ordea ‘La Ciudad en la arena’ kontakizun honetan… Istorioak kontatzen du emakume bat bere herritik kanporatua dela momentu zehatz batean: munduko txoko guztietako tribuak herrira iristen direnean ‘Poztasunaren Jaia’ ospatzera. Emozio erabat kontrajarriak une berean talka egiten jarri ditut, 5 mila karakteretan adierazita.
- Eta editorearen albiste positiboa iritsi zenean… imajina dezakezu… niri behintzat poz handia eragin zidan.

- Eta hemendik aurrera? Baduzu ideia gehiagorik?
- Ideiak beti egon badaude… beste kontu bat da denbora eta borondatea izatea…
Baina bai, kontakizun batzuk idazten nabil, eta duela gutxi beste Antologia baten berri izan dut. Maiatzera arte ‘Heriotzarekin elkartzea’ gaiari buruzko deialdi bat zabalik dago. Agian testuren bat aurkeztuko dut. Ideia bat badut gogoan, eta heriotza ez du zertan betiko itzaltze triste bat izan, ezta? Berriro parte hartuko dut. Ea zorionekoa naizen…