Poliorzetika: Eraikinak babesteko teknologiak Arrasaten [Ramon Ugalderen testua]

0
551

Berba hau ez da ohikoa, grezieratik dator, eta bi adieratan uler daiteke gotorlekuak behar bezala eraikitzeko artea edo jakinduria edo eraikin arruntak babesteko artea.

Gauza jakina da gaur egun eraikinak babesteko teknologia oso garatuta dagoela: kamerak,  mota guztietako detektoreak, segurtasuneko enpresak … Baina garai batean eraikin bat zaintzea ez zen lan erraza. 

Etxe bateko puntu ahulenak ateak eta leihoak ziren. Horregatik euskal erromantze zahar batean etxe baten segurtasuna goraipatzeko aipatzen zuten leiho bagako etxe ederra zela (Alostorreko kantan). 1448ko sutearen ondoren Mondragoeko San Joan parrokia eliza berreraikitzeko egindako kontratuan zehazten zuten leihorik gabeko ormekin egingo zutela.  

Baina leihorik gabeko etxe bat ez da oso egokia eta are gutxiago aterik gabeko eraikin bat. Eta elementu hauetan segurtasun gehiago lortzeagatik zura edo egurra barik burdina erabiltzen hasi ziren. Eta  Arrasaten badauzkagu hori erakusten dizkiguten adibide bitxi batzuk. Jauregiak, elizak eta mendiko txabolak zaintzeko garatutako teknologia interesgarri batzuk errepasatuko ditugu.

Monterron jauregiko burdinazko atea eta  kontraleihoa

Burdinazko atea alboko fatxada batean dago. Ate txiki bat ixteko. Esango nuke testuingurutik kanpo dagoela, dagoen ate markoan ez du ondo ematen. Jatorrian bertan zegoen? Edo nonbaitetik ekarri zuten eta bertan jarri ate zuloa tapatzeko? Dena dela antikuario dendatan horrelako ateak erdi aroko moduan saltzen dira. Monterron jauregia XVII. Mendekoa da. Kontuan izan zuten arrisku posibleak jauregia eraikitzerakoan? Eta ate hori garai hartakoa da?  Atea sendoa da burdinazko txapekin eta xaflekin eginda dago. Argoilak ere oso interesgarriak dira, baina bere funtzioa ez dut harrapatzen: apaindurarako agian?. Argazkietan ikus daitekeenez bere egoera txarra ez da, baina hondatzen hasita dago gehien bat barrenean.

Txapazko ateak hainbat baserritan erabiltzen ziren, belar tokia eta biztanleen egoitza bereizteko, belar sikuak sua hartzen bazuen gainerakoa ez erretzeko. Baina ate horiek sinpleagoak dira, Monterroneko ate honetan lan gehiago dago, konplexuagoa da.

Beste elementu interesgarri bat eta agian jauregiaren defentsarekin lotuta egon daitekeena burdinazko kontraleiho hau da. Leiho biribil txiki bat tapatzeko erabiltzen da. Suposatzen da burdinazko txapa sendo horrekin leihoak  babes gehiago lortuko duela.

Gesalibarko Santa Ageda elizako alboko atea

Ondorengo adibidea Gesalibarko Santa Ageda elizan dago. Ate hau egurrezkoa da, baina burdinazko xafla sendoekin indartuta dago. Noizkoa da ate hau? Ate zangoak harrizkoak dira estilo gotikokoak, eta garai berekoak ez dira noski. Baina askotan elizak babesleku moduan erabiltzen ziren. Zergatik egin zuten hain ate sendoa? Dotorea da, burdinazko xafletan ukitu artistikoa nabari da.

Luis Javier Arrietaren “giltza”

Joan zen mendearen azken herenean, 1968 inguruan Arrasateko mendizale koadrila batek txabola zahar bat erosi zioten artzain bati Aramaioko Etxaguen auzoan. Txabola nahiko hondatuta zegoen eta lana gogor egin behar izan zuten txabola berreraiki eta txukuntzeko. Hamar kideko lagun talde bat osatu zen, 25 urte inguruko mutilak. Eraikitze lanek 19 hilabete iraun zuten, kide bakoitzak astero zortzi orduko lana egiteko konpromisoa hartu zuen.  Baina txabola babestu behar izan zuten eta leihoak eta atean burdinazko txapekin egin zituzten. Leihoetan burdinazko barra bertikalak ere jarri zituzten. Kontraleihoak, esan bezala burdinazkoak ziren eta marko metalikoetan jarrita zeuden.

han bittartien destornilladore bat be ezin zuan sartu”  baieztatu digu Luis Javierrek. 

Baina atearen sarrailarekin arazo bat egon zitekeen. Txabola leku isolatu batean dago eta edozein “gaizkilek” aukerak dauzka inon direnak egiteko. Eta sarraila ondo, behar bezala babesteko Luis Javierrek “ingenio” bat asmatu zuen. Sarraila burdinazko kaxa baten barruan zegoen eta kaxa hori ixteko mekanismo berezi bat asmatu zuen. 

Berak egindako marrazkian ikusten denez sarraila burdinazko kaxa batekin dago babestuta. Bost zentimetroko txaparekin dago eginda. Goiko partean bisagrak dauzka eta beheko partean kaxa hori ondo lotzeko ikus daiteke Luis Javierrek asmatutako mekanismoa:  Kaxaren “belarriak” lotzeko berak moldatutako torlojua, bi ildotxo paralelokin eta hartara egokitutako azkoin edo tuerka bat. Azkoin hori egokitzen zen burdinazko zilindro baten barruan egindako forma bereziko zuloari.  Etxera zilindro formako giltza eramaten zuten. Sistema honek funtzionatu zuen. Eredu hau inguruko beste txabola  batzuetan ere kopiatu zuten.

ERANTZUN BAT UTZI

Zure iruzkina utzi, mesedez!
Sartu zure izena hemen