TAOaren inguruko daturik Udal-gobernuak ez plazaratzea salatu du Eva Abuin zinegotziak. Podemos Arrasatek zehaztu du 216.800 € horiek ez dutela barne bertakoentzako txarteletatik jasotako dirua.
Grafikoen jatorria: Gertek-Udala.
“Hilabete bat baino gehiago eman dugu Udal-gobernuak TAOaren inguruko datuak noiz publikatuko zain”, adierazi du Eva Abuin zinegotziak.
“Aurreko astean Udaleko Hirigintza Batzordean eman zizkidaten datuak, eta galdetu nuen ea Udal-gobernuak datuak kaleratzeko asmorik zuen, eta erantzun zuten aurreikusita ez zutela”.
“Atzoko prentsaurrekoan alkateak trafikoaren inguruko datuak jakinarazi zituen, baina TAOaren inguruan ez zuen informatu”.
Hori ikusita, Podemos Arrasatek atzo erabaki zuen gaur datuak ezagutzera ematea, izan ere, “uste dugu herritarrek informazio hau izan behar dutela”.
Gaur publiko egindako datuak Gertek enpresaren eta Udalaren txosten batean agertzen dira. Informe horrek TAOaren lehen 3 hilabeteen gorabeherak jasotzen ditu.
Otsailetik apirilera (biak barne) 3.225 isun jarri dituzte denera, zehazki, 940 isun otsailean, 1.341 martxoan eta 944 apirilean.
Isun guztietatik 1.706 kasutan, arau-hausleari isuna jarri ostean, isuna tramitatzen hasi zen eta arau-hausleak gerora ordaindu du.
Ordea, 1.114 kasutan isuna oraindik ez dago ordainduta. 405 kasutan arau-hausleak berehala ordaindu zuen isuna, TAO makinan, eta ondorioz isuna ez zen tramitatu.
Diru bilketari dagokionez, bertakoentzako txartelaz aparte, 3 diru-iturri daude: TAOaren erabiltzaileen tiket bidezko ordainketak; isunen ordainketak TAO makinetan; eta tramitaturiko isunen ordainketak.
Gertek eta Udalaren txostenak ez ditu jasotzen bertakoentzako txartelen bidez lortutako dirua, “horien kudeaketa beste era batekoa baita”.
Tramitaturiko isunetan, TAOaren erabiltzaileek guztira 111.400 € inguru ordaindu dituzte lehen hiru hilabeteetan, Podemos Arrasateren kalkuen arabera.
Zenbateko hori ondorioztatzeko, “kontuan hartu dugu tramitaturiko isun ohikoena 100 eurokoa dela. Hala azaldu digu Udaleko Hirigintza Batzordeko buru teknikoak”.
Tiket bidezko ordainketei dagokienez, TAO erabiltzaileek guztira 87.525’56 € ordaindu dituzte lehen hiru hilabeteetan guztira.
Azkenik, TAOaren erabiltzaileek, TAO makinetan ordaindutako isunetan, hau da, isunaren prozesua bertan behera geratu diren kasuetan, denera 17.913 € inguru ordaindu dituzte otsailetik apirilera.
Zenbateko hori kalkulatzeko Podemos Arrasatek aintzat hartu du halako isun bakoitzaren “batez bestekoa 10’50 eurokoa dela. Badira isun garestiagoak eta merkeagoak, baina Hirigintza Sailetik azaldu digutenez, makinetan ordaindutako isun ohikoenak 10’50 € ingurukoak dira”.
Hori guztia kontuan hartuta, sistemak erabiltzaileengandik guztira 216.838’56 € inguru jaso ditu, Podemos Arrasateren kalkuluen arabera, orain arte publiko egin diren estatistika bakarrei erreparatuta.
Isunak era ezberdinetakoak dira: “Isun oso arinek (bizikletentzat) 50 euroko kostua daukate, isun arinek 100 eurokoa (adibidez arauzko denbora gainditzea, bertakoen txartela ez jartzea, tiketa ez jartzea)”.
“Isun larriek 200 euroko kostua daukate, eta oso larriek 500 eta 3.000 euro artekoak. Horrelako gutxi jartzen direlakoan gaude”.
Podemos Arrasatek ondorioztatutako 216.838’56 euroak kontuan hartuz gero, eta zenbateko hori hiru hilabeteko epean jaso dela aintzat hartuta, “TAO ez da defizitarioa izango, alkateak kontrakoa iragarri zuen arren”.
Izan ere, Udalak onartua du Gertek enpresari 486.000 € ordaintzea urteko. “Alkateak iragarri zuenez, TAO defizitarioa izango da, baina zenbakiei erreparatuta ez dirudi hala izango denik”.
Podemos Arrasateren kalkuen arabera, “urte osoan diru-bilketa gutxi gorabehera 852.000 eurokoa izan daiteke. Beraz, aurreikuspenen arabera, ez da defizitarioa izango, ezta urrundik ere”.
“Hirigintza Batzordean galdetu nuen bezala, eta hemen ere galdetzen diot Udal-gobernuari: Ondorioz, zertan inbertituko da superabitaren dirua?”.
“Alkateak seguruenik datu hauek begiratuak ditu, eta agian horregatik iragarri duenez, 100 euroko isunak 50 eurora jaitsiko ditu”.




